Ibaeta Basketek eskuratu du Euskal Kopa
Askatuak Gipuzkoa Basketek eta Txuri Urdineko mutilek ere irabazi dute. Aldiz, galdu egin dute Txuri Urdineko neskek eta Realeko futbol zein belar hockeyko taldeek.
Ibaeta Basketeko neskak, Euskal Kopa irabazi berritan.Euskal Saskibaloi Federazioa Denboraldiaurreko txapelketa garrantzitsuena irabazteak mesede egingo dio Ibaeta Basketik, liga hastear direlako. Pasa den ostiraletik igandera bitarte jokatu dute Euskal Kopa Beasainen, eta bi partidak irabazita txapeldun izendatu dituzte. Ostiralean, Araski hartu zuten mendean (64-68), eta atzo, Gernika azken unean gainditu zuten (76-74).
Askatuak Gipuzkoa Basketek ere irabazi egin zuen Lehen FEB ligako estreinako neurketa. Sergio Garciaren mutilak oso txukun aritu ziren Granadaren pistan, eta ligari ekiteko garaipen garrantzitsua eskuratu zuten (76-82).
Izotz hockeyan, Txuri Urdineko bi taldeek jardunaldi berean irabaztea zaila dirudi. Oraingoan, mutilek lortu zuten garaipena Madrilen izotz pistan (1-4). Neskek, berriz, amore eman zuten Puigcerda talde zailaren etxean (4-2). Horiek horrela, sasoia garaipen eta porrot banarekin abiatu dute bi taldeek.
Belar hockeyan, Realak erronka zaila zuen atzo, eta ezin izan zuen ezustekoa eman Zubietan. Txuri-urdinek Club de Campo iazko txapeldunaren aurka jokatu zuten, eta ezinean aritu ziren (0-4). Jokaturiko ligako bi partidak galduta, hirugarrenean saiatuko dira behar duten garaipena eskuratzen.
Futbolean, Realeko neskek norgehiagoka eroa jokatu zuten larunbatean Real Madrilen aurka. Galtzen hasi (0-1), berdindu (1-1) eta markagailua irauli zuten (2-1), Cecilia Marcos donostiarrak egindako bi golekin. Ordea, espainiarrek agerian utzi zuten koxka bat gorago daudela. Horrela ere, txuri-urdinek bigarrenez berdindu zuten partida (3-3), azken minutuetan beste bi gol jaso bazituzten ere (3-5). Zigor handiegia izan zen Realarentzat, ligan irabazi gabe jarraitzen dutelako.
EMAITZAK
Saskibaloia
Emakumezkoen Euskal Kopa
- Araski 64 – Ibaeta Basket 68
- Ibaeta Basket 76 – Gernika 74
Gizonezkoen bigarren maila, 1. jardunaldia
- Granada 76 – Askatuak Gipuzkoa Basket 82
Izotz hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 2. jardunaldia
- Puigcerda 4 – Txuri Urdin 2
Gizonezkoen lehen maila, 2. jardunaldia
- Madril 1 – Txuri Urdin 4
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 2. jardunaldia
- Reala – Club de Campo (0-4)
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 5. jardunaldia
- Reala 3 – Real Madril 5

