Baztan kaleko hobekuntza lanak amaitu ditu udalak
Donostiako Udalak, Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako departamentuaren bitartez, irisgarritasuna hobetzeko esku hartzea egin du Egiako Baztan kaleko 1. zenbakiaren parean. Jarduketaren bidez, 40 metro inguruko eta 110 metro koadroko azalera duen espaloia berritu da. Orain arte, baranda batek bi altueratan banatzen zuen eremua: barrualdea ez zen ibiltzeko modukoa, eta kanpoaldeak ez zuen behar adinako zabalerarik. Zoladura berritu da eta baranda berri bat jarri da.
Jarduketa osatzeko, oinezkoentzako pasabide berri bat egin da Baztan kaleko 1 eta 2 zenbakien artean, bizilagunek eskatuta. Bidegurutzearen segurtasuna hobetzeko, galtzadaren bi aldeetan belarritxoak eraiki dira, eta horien bidez gurutzatzen diren pertsonen eta inguruan dabiltzan ibilgailuen ikuspena handitu da. Iñigo Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak adierazi duenez, “irisgarritasuna honelako jarduerekin eraikitzen da: espaloi bat hobetuz, hesi bat kenduz, bidegurutze bat seguruago eginez edo pertsonen eguneroko ibilbidea erraztuz”. Garciak gaineratu du udalaren helburua dela hobekuntzak pixkanaka Donostiako auzo guztietara zabaltzea, udal zerbitzuek antzemandako beharrei eta bizilagunek helarazitako eskaerei erantzunez.
Baztan kaleko esku hartzea Hiri Mantentze eta Zerbitzuek 2026an hainbat auzotan egindako beste jarduketa batzuekin bat dator. Besteak beste, Larratxon espaloiak eta zoladurak berritu dira, eta adinekoen zentrorako eta Ostadarrerako sarbideetan oztopoak kendu dira; Erregezaintzan oinezkoentzako pasabide altu bat eta beste belarritxo bat egin dira, bidegurutzearen ikusgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko; eta Pio Baroja eta Begiristain Doktorea kaleetan ere espaloi-zatiak berritu dira.
Garciaren arabera, Udalak lan egiteko modu horri jarraipena eman nahi dio, mugikortasuna zailtzen duten puntuak detektatu, horietan jardun eta hobekuntzak pixkanaka Donostia osora zabaltzeko. Haren esanetan, hiri irisgarri bat eguneroko jardueretatik ere eraikitzen da, etxetik irtetea, auzoan ibiltzea eta kalea zeharkatzea gero eta errazagoa eta seguruagoa izan dadin.

