Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa antolatu du LABek larunbatean
Espainian etxebizitzaren inguruko eztabaida pil-pilean dagoela, Hego Euskal Herriko hiriburuetan manifestazioak antolatu ditu LAB sindikatuak. Donostian, larunbatean izango da, 12:00etan Bulebarretik.
Maiatzaren Leheneko LAB sindikatuaren manifestazioa, Parte Zaharretik.Beñat Parra LABek etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazioak antolatu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan Hainbat gatazka sindikal piztuta ditu LABek, eta gatazka horietako maizterrekin batera antolatu ditu mobilizazioak. Sindikatuaren arabera, “etxebizitzaren negozioak edonor mehatxatzen du, eta langileak pobretzeko eta prekarizatzeko arrazoi nagusietako bat bilakatu da”.
Hori horrela, “eredua goitik behera” eraldatu behar dela aldarrikatuko du sindikatuak, eta, horretarako, premiazkoa dela “etxebizitzaren merkatuan eskua hartzea eta errentismoarekin amaitzea”. “Euskal Herrian ere baditugu Marivi, Juanjo eta Puri, Ruben, Nezha, Milena, Jimena, Abdellatif… Baditugu Mosaic, Testa Homes edota Adalquiler bezalako funts putreak eta promotoreak milaka bizilagun kaleratu nahian”.
Azaldu dutenez, Euskal Herrian, LABek hainbat gatazka sindikal piztu eta antolatu ditu; hala nola, Erandioko Los Ochoseko maizterrekin, Testa funtsak mehatxatutako maizterrekin Iruñean eta Vitalquiler-Adania etxejabearen bizilagunekin Gasteizen. Hedabide honi jakinarazi diotenez, Bentaberriko maizterrekin ere ari dira lanean, oraindik inolako ekimenik abiatu ez den arren. Ekintza sindikalaren bidez, etxebizitzaren negozio asmoei “galga” jartzen ari dela aldarrikatu du sindikatuak, “alokairu amaieretan berriak borrokatuz, prezioak jaitsi araziz eta etxegabetzeak geldituz”.
Sindikatuak egiten duen irakurketaren arabera, gaur Madrilen eztabaidatu eta onartuko den Lege Dekretuak garrantzia handia du: “Langileok, premiaz, alokairu guztiak modu iraunkorrean luzatzea behar dugu, logelen eta aldi baterako alokairuen iruzurrarekin amaitzera, etxegabetzeak bukatzea, funts putreen erosketa espekulatiboak gelditzea eta prezioak jaistea”. LABek Espainiako Estatu mailan borrokan “eredugarria” izaten ari diren Maizterren Sindikatuen lana “goraipatu” nahi du eta Maricarmen dekretua-n jasotako edukiak babesten ditu. Aldarrikatu duenez, Maizterren Sindikatuak “bidelagun” izango du LAB aurrerantzean ere.
Dekretuak dekretu, “borrokan eta presioa egiten” jarraituko du LABek, eta horretara deitzen ditu langileak ere. “Errentismoaren aldeko politika publikoekin” amaitu beharra dagoela uste du sindikatuak. Urriaren 3an, 12:00etan Bulebarretik abiatuta manifestazioa egingo du LABek.

