Udalak prentsa aretoa berritu du «komunikaziorako eta herritarren partaidetzarako»
'Donostiarra 2040. Topera' egitasmoaren topaketak eta HAPOa berritzeko partaidetza bilerak hartuko ditu, besteak beste.
Jon Insausti alkatea, udaletxeko prentsa areto berrituan.Donostiako Udala Donostiako Udaletxeko prentsa aretoa berritu eta berrantolatu du udalak. Herritarrekin komunikatzeko eta elkartzeko “plaza” berria izango dela iragarri du Jon Insausti alkateak. Horrela, aretoak ez du hedabideen aurreko agerraldiei soilik lotutako erabilerarik izango. Kazetarien eremua txikitu eta aurkezpenak egin ohi diren agertokia handitu dute. Era berean, pantailaren atzealdea osorik hartzen duen pantaila erraldoi bat jarri dute.
Donostiarra 2040. Topera egitasmoaren barruan hiriaren etorkizuneko eztabaida nagusiei lotutako bilerak, topaketak eta lan saioak hartzeko prestatu dutela zehaztu du alkateak: “Datorren Donostia elkarrekin entzuteko, partekatzeko eta pentsatzeko plaza bihurtu nahi dugu”. Areto berrituak, 50 pertsona ingururentzako edukiera du, eta hiri antolamenduaren plan orokorra berritzeko partaidetza bilerak egiteko ere erabiliko dutela gaineratu du.
Fase berri bat, hiru nobedade
Prentsa areto berrituan, Donostiarra 2040. Topera egitasmoa fase berri batean sartu dela jakinarazi du Insaustik. Gogoratu behar da udal gobernuak abian jarritak0 prozesu bat dela, hiriaren etorkizunari buruzko hausnarketa kolektiboa bultzatzeko. Zazpi lantalde martxan jarri zituzten —146 pertsona, orotara—: etxebizitza, hurbileko hiria eta azpiegiturak, ekonomia eta berrikuntza, zainketak, segurtasuna eta kohesio soziala, kultura eta identitatea, eta erakundeen konfiantza eta aliantza estrategikoak.
Zazpiek diagnostiko bana egin dutela jakinarazi du alkateak, eta horiek propio sorturiko egitasmoaren webgunean daude dagoeneko. Diagnostikoetatik hiru datu nabarmendu nahi izan ditu Insaustik: “Etxebizitza lantaldeari dagokionez, eraikita dagoen hiriari begira aritu dira, eta 20.000 etxebizitza igogailurik gabe daudela ikusi dute. Ekonomiaren lantaldeak, berriz, metropoliaren erdigunean Anoetan kokatu du, osasun hiria, kirol hiria eta parke teknologikoa hartuko dituelako. Eremu horren konexioa hobetu beharko da. Azkenik, erakundeen konfiantzaz arduratu den lantaldeak ikusi du udalaren garrantzia ezinbestekoa izango dela etorkizuneko gaiei eta erronkei erantzuteko”.
Partaidetza prozesua eta kongresua
Udalak partaidetza prozesu bat jarriko du martxan, herritarren proposamenak jasotzeko eta lantaldeek egindako lanari zein adituen ekarpenei gehitzeko. Horretarako, bulego fisiko eta birtual bat ahalbidetuko dute. “Topera bulegoa jarriko dugu martxan. Leku fisikoa izango du udaletxean eta baita postontzi birtuala egitasmoaren webgunean”, azaldu du alkateak.
Prozesuak aurrera jarraituko du datozen hilabeteetan, egindako diagnostikoak, herritarren artean jasotako iritziak, horien inguruan sortutako eztabaida eta adituen ekarpenak txertatuz. Hori guztia borobiltzeko eta ondorioak plazaratzeko, urtarrilean kongresu bat egingo dutela aurreratu du Insaustik. Horren inguruko xehetasunak aurrerago emango ditu udalak.
Bestalde, alkateak adierazi du urriaren 14an izango dela urtero egin ohi den politika orokorreko ezohiko udalbatzarra. Orduan, besteak beste, Donostiarra 2040. Topera egitasmoari buruz hitz egiteko tartea hartuko dutela esan du.

