'Burujabe Cha Cha Cha!' topaketa antolatu du Saretuzek
Larunbatean informazio postuak jarri zituzten, kanpainaren hasieraren berri emateko. Cristina Enea Fundazioa Datorren urriaren 10ean, Saretuz sareak “subiranotasunaren eta jasangarritasunaren topagune” bihurtuko du Egiako Gladys Enea parkea. Burujabe Cha Cha Cha! topaketa egingo dute 11:00etatik 14:00etara, Goiz pasa bat bizitza onaren erritmoan izenburupean eta Burua jan gabe, izan burujabe! lelopean.
Bizitza erdigunean jarri eta trantsizio ekologiko zein sozialerako gakoak partekatzea izango da topaketaren helburua. Antolatzaileen ustez, gaur egungo krisiari aurre egiteko eta aldaketa sistemiko bat eragiteko, burujabetzen aldeko estrategiek elkar gurutzatu behar dute ezinbestean, “gure egunerokotasunetik”. Hori dela eta, elkarren arteko lotura duten hiru esparru nagusi hautatu dituzte topaketaren ardatz gisa: elikadura, energia eta zaintza sistema.
Topaketako jarduera nagusia Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxean egingo duten mahai-ingurua izango da. Bertan, inguruko elikaduraren, energiaren eta zaintzaren arloko esperientziak aztertuko dituzte, prozesu horietan garatzen diren erronkak, prozedurak eta harremanak gertutik ezagutzeko. IRUTXULOKO HITZAk moderatuko du solasaldia.
Teoriatik praktikara igarotzeko, topaketak hiru ikastaro praktiko eskainiko ditu parte hartzaileentzat —edukiera bete arte—: Sukaldaritza agroekologikoa familian, elikadura jasangarria eta hurbilekoa lantzeko; Yoga, autozaintza eta estiramenduak, gorputzari eta ongizateari lekua egiteko txokoa; eta Erein zure burujabetza artelan txokoa, sormenaren bidez burujabetzaren kontzeptua lantzeko espazio artistikoa.
Bestalde, goiz osoan zehar parkeko giroaz gozatzeko aukera eskainiko dute, erakusketen bidez eta musikaz lagunduta. Antolatzaileek herritar guztiak gonbidatu dituzte “bizitza onaren erritmoan parte hartzera eta alternatiba kolektiboak ezagutzera”.

