Larunbatean ospatuko dute Sagar Uzta festa Aieteko Katxola baserrian
Miramon inguruko Zabalegi eremuko sagar bilketa bat.Lantxabe auzo elkartea Aieteko Katxola baserriaren eta Miramongo sagastiaren inguruan ospatuko dute bigarren urtez Sagar Uzta festa. Jardunaldia 10:30ean hasiko da, baserrian, eta aurkezpena egin ondoren 11:00etan Miramongo sagastira joango dira parte hartzaileak sagarrak jasotzeko. Bertan Lantxabek sustatutako Rosario proiektuaren bidez landatutako 253 sagarrondo daude.
Sagar bilketa egin ondoren, sagarrak txikitu eta prentsatu egingo dira, tolare eramangarri batean. Hala, muztio egin berria lortuko dute ondorengo mokadutxoarekin hartzeko. Mokadutxoa hartu artean Ezeiza ahizpak arituko dira trikitixa jotzen.
Jardunaldia Lantxabek, Cristina Enea Fundazioak, Fruitondoak programaren bidez, eta Donostiako Udaleko Parke eta Lorategien sailak antolatu dute.
Lantxabek adierazi duenez festak sagardoa egiteko prozesu tradizionala modu erraz eta parte hartzailean ezagutzeko aukera ematen du, eta gainera “Katxolak eta Miramongo sagarrondoek osatzen duten natura eta kultura ondarea balioan jartzen du”. Aldi berean, bertaratzeko gonbidapen irekia donostiar eta beste lekuetako herritarei zabaldu die.

