Realak gol festarekin egin du aurrera Europan
Txuri-urdinek partida bikaina jokatuta menderatu dituzte Heart of Midlothian eskoziarrak, Zubietan (4-0).
Realeko neskak Heart of Midlothian taldeari egindako gol bat ospatzen, Zubietan.Reala Denboraldiko lehen garaipena ez dute berehalakoan ahaztuko. Reala Europa kopako final-zortzirenetarako sailkatu zen atzo Eskoziako Heart of Midlothian taldea kanporatu ostean (4-0). Final-hamaseirenetako itzulerako norgehiagokan ere txuri-urdinak izan ziren onenak.
Joanekoan soilik golak falta izan ziren, baina Zubietan bai asmatu zutela arerioaren ate aurrean. Partida bikaina jokatu eta lau gol on egin zituzten. Horietako hiru, lehen zatian. Laura Caminok aurreratu zuen Reala markagailuan, Ainhoa Marinen erdiraketa bikain bat buruz ate barrura bidalita. Bigarrena, berriz, Intza Egigureni egindako penalti baten bidez lortu zuten. Paula Fernandezek ez zuen huts egin hamaika metroetatik. Eta hirugarrena Ainoa Campok egin zuen Cecilia Marcos donostiarraren jokaldi ikusgarri bat baliatuta.
Bigarren zatian, markagailuari eutsi eta gol gehiago egiten ahalegindu ziren txuri-urdinak. Aukera ugari izan zituzten, eta laugarrena Heartseko atzelari batek bere atean sartu zuen, Marinen beste jokaldi eder bat oztopatzen saiatu zenean. Egia esan, hegaleko kataluniarra izan zen neurketako jokalari erabakigarriena.
Kanporaketa gaindituta, Realak Europa kopako hamasei talde onenetako bat da. Lorpen horri jarraipena emateko, ligan ere irabaztea dagokie. Igandean ariko dira Valentziaren zelaian, 19:30ean.

