Superxagu jaiak: «Laguntzeko prest dagoen jende gehiago agertu da»
Superxagu jaietako Harri-Orri-Har edo NAN jaurtiketa «jaiak ezagutzera emateko modu bat» direla aitortu dute Nerea Iriondo eta Gorka Correyero jai batzordeko kideek. Desberdindu egiten dituzte beste jaiengandik eta auzoa sortzen laguntzen dute.
Iazko Superxagu jaietako larunbateko bazkari herrikoia. Maitane Aldanondo Danborradarako entsegua prestatzen, Nerea Iriondo eta Gorka Correyero Superxagu jaietako batzordeko kideek azaldu dute entseguetara ohikoa baino jende gutxiago gerturatu dela –hamar bat pertsona–. Entseguetara jende gehiago etortzea polita izango litzatekeen arren, badakite danborrada irtetean halakorik ez dela gertatuko, jende talde polita elkartzen baita urtero –120 pertsona baino gehiago–.
Danborradako parte hartzaile gehienek urteak daramatzate danborrak eta upelak jotzen, baina urtero jende berria ere apuntatzen da, nabarmendu du Iriondok. Jende gehien ostiraleko danborradan eta larunbat eguerdian elkartzen direla azaldu du Correyerok, larunbatean paella lehiaketa eta herri bazkaria daude eta.
Horietan laguntzeko ere jende asko gerturatzen ari dela aitortu dute jai batzordeko kideek; txosnako txandetan, danborradako materiala mugitzen edo paellak egiterakoan gauzak muntatzen laguntzeko.
Jai batzordea otsail edo martxo aldera hasten da elkartzen, eta hilabetean behin bilera bat egiten dute –udaran izan ezik, hor deskantsua egiten dute eta–. Bileretan, aurreko urteetako jaien balorazioa egiten dute, zerk funtzionatu duen, zer hobetu nahi duten… Bileren harira bazkariak ere egiten dituztela aipatu dute, baita giro oso ona dutela eta urtean zehar jendea auzoarekin konektatua mantentzeko modu bat dela ere.
Egitarauari begira, aipatzekoak dira urtero antolatzen dituzten Harri-Orri-Har txapelketa eta NAN jaurtiketa. «Desberdindu egiten gaitu», azaldu du Iriondok, auzo eta herri askotako programak antzekoak direla aipatuz; kontzertuak, txosna gunea… Danborrada «tipikoa» dela ere gaineratu du Iriondok. Baina Amaran kroketa lehiaketa bezala, oso auzokoak diren jarduerek berezitu egiten dituzte Amara Berriko Superxagu jaiak.
Haurrenak ere badira jaiak
Jaiak haurrentzat ere egiten dituztela argi du jai batzordeak, «auzotarrak dira baita ere, eta parte hartzera bultzatu nahi ditugu», nabarmendu du Iriondok. Ez dute nahi haurrak gerturatzea gurasoak han daudelako eta ez dutelako besterik, haurrek jaietan egon nahi dutelako gerturatzea nahi dute. Hori lortzeko lanketa egiten dute guraso eta ikastetxeekin.
«Haurrak auzotarrak dira baita ere, eta parte hartzera bultzatu nahi ditugu»
Hain zuzen ere, haur asko danborradara gerturatzen dira, ikustera soilik ez, etxeko danborrekin parte hartzera ere joaten dira batzuk. DJ ibiltarian ere ibiltzen dira haurrak, Correyerok azaldu duenez, Harri-Orri-Har txapelketarako beroketak egiten. «Ume batzuk oso lehiakorrak dira», aipatu du, barrezka, jai batzordeko kideak. Eszenatokira lehiatzera igotzeak ilusioa egiten diela nabarmendu dute jai batzordeko bi kideek; eta momentu polita dela, bai lehiatzen ari direnentzat, baita ikusle moduan daudenentzat ere.
Normalean elkartuko ez liratekeen kuadrillak biltzera bultzatzen ditu txapelketak, Iriondoren hitzetan: «Ume batzuekin, bestela, ez zara gaueko hamarretan hitz egiten arituko, baina Harri-Orri-Har honekin ordu erdi egon zaitezke haiekin hizketan kuadrillako bat ari delako lehiatzen».


