Espekulazioaren kontra eta etxebizitza eskubidearen alde elkartu dira
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak deituta, mobilizazio jendetsua egin dute Donostiako kaleetan barrena.
Euskal Herriko etxebizitza sindikatuen sareak deituriko manifestazioa, Erdialdean.Andrea Bosch Alfaro Milaka herritarrek bat egin zuten atzo iluntzean Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak deituriko manifestazioekin. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako kaleak jendez bete ziren espekulazioaren aurka eta etxebizitza eskubidearen alde. Donostiako martxa 19:00ak aldean abiatu zen Bulebarretik, eta leku berean bukatu zen. Bertan parte hartu zuten, besteak beste, Saretxe etxebizitza sindikatuak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.
Espainiako Diputatuen Kongresuan etxebizitza dekretuek porrot egin ostean mobilizatu ziren herritarrak. “Argi eta ozen esan dugu: espekulatzaileak desjabetu, espekulazioa debekatu eta bitartekoak behar sozialen zerbitzura jarri behar dira”, adierazi zuen etxebizitza sindikatuen sareak. Horrekin batera, berretsi zuten “antolakuntza” dela “berme bakarra”, eta “etxebizitzaren negozioaren aurkako borrokara” batzeko eskatu zuten.
Manifestazioa egin baino ordubete lehenago, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak batzar ireki bat egin zuen Bulebarreko kioskoan. Etxebizitza eskubidea bermatzeko bideari buruz aritu ziren, eta mezu argi bat helarazi zieten han elkartu ziren herritarrei: “Aukera bakarra espekulazioaren aurka antolatu eta borrokatzea da”.


