Txaber Altube sailkatu da finalera, Bilintx Sariaren bigarren finalerdian
Groseko Marruma elkarteak hartu du Bilintx Sariaren bigarren finalerdia.Bilintxi Balantxa Atzo, hilak 2, Bilintxi Balantxa bertso elkarteak antolaturiko Bilintx Sariaren bigarren finalerdia jokatu zuten, Groseko Marruma Elkartean. Giro ederra izan zen saioan, eta 45 bertsozale inguru elkartu ziren Ander Aranburuk aurkeztutako bertso afariaz gozatzeko. Oholtza gainean ere, maila txukunean aritu ziren lehian sei parte hartzaileak.
Txaber Altube bertsolariak irabazi zuen finalerdia. Puntuazio onena lortuta, lana bikain borobildu zuen, eta horri esker, zuzenean sailkatu da finalerako, lehenengo saioan Oier Etxeberriak egin zuen moduan. Gainerako bertsolariek, berriz, hirugarren saioaren osteko sailkapen orokorraren zain egon beharko dute, finalera pasatzeko aukerarik duten ala ez jakiteko.
Hauxe da bigarren finalerdiko sailkapena:
- Txaber Altube 237 puntu.
- Peru Aiartza 219,5 puntu.
- Unai Gaztelumendi 206,5 puntu.
- Aiert Ordoñez 165 puntu.
- Unai Azpiroz 157 puntu.
- Iosu Ordoñez 129,5 puntu.
Hirugarren eta azken finalerdia
Bilintx Sariaren hirugarren eta azken finalerdia Aieteko ACD Aiete elkartean izango da, datorren asteko ostiralean. Afarirako sarrera guztiak agortuta daude jada, baina afalosteko bertso saioa ikustera joan nahi dutenek, 22:30ean gerturatzeko aukera izango dute elkartera.
Oholtzan, honako sei bertsolari hauek arituko dira kantuan: Andoitz Urdapilleta, Beñat Gaztelumendi, Miren Artetxe, Julen Olaizola, Jon Altuna eta Ekain Tolaretxipi. Hirugarren finalerdian ere, finalera zuzenean sailkatuko da puntu gehien lortzen dituen bertsolaria.
Finala, berriz, urriaren 16an izango da, San Telmo museoan, 19:00etan. Gogoan izan behar da, finalaren kasuan, formatua bestelakoa izango dela. Sarrera guztiz doakoa izango da, eta bertso saio hutsa izango da, afaririk gabe.

