15. Elkar Sketch marrazketa maratoia egingo dute urriaren 17an
Sketch bat.Elkar Hilaren 17an, larunbatarekin, 15. Elkar Sketch marrazketa maratoia egingo dute Donostian, Elkar liburu dendak antolatuta. Seinalatutako hiriko mapa kulturaleko bost gunetik lau marraztu beharko dituzte parte hartzaileek.
Honakoa izango da jardunaldiaren antolaketa: 09:30ak eta 10:30ak artean, materiala banatuko zaie Fermin Calbeton kaleko Elkar liburu dendan: Moleskine koaderno eta arkatz bana, Tombow borragoma, maparen liburuxka eta San Telmo Museoan hamaiketakoa hartzeko txartela.
12:00etan, atsedenaldia egingo dute San Telmo Museoan, talde argazkia ateratzeko eta hamaiketakoaz gozatzeko. 17:30ak arte izango dute marrazteko epea, eta amaitzean, liburu dendan entregatu beharko dute koadernoa.
Guneak eta teknika
Hauek izango dira parte hartzaileek izango dituzten marrazteko aukerak, nahi duten ordenan egitekoak (eguraldia okertuz gero, baliteke guneetan aldaketak egotea):
- 1. gunea: Udaletxe ingurua eta Udal Liburutegia.
- 2. gunea: Bilintx kalea – Antzoki Zaharra – Kasinoa – Lasala plaza.
- 3. gunea: San Telmo Museoa (antolatzaileek emandako pegatinarekin identifikatuta, klaustrora eta elizara doan sartzeko aukera izango dute).
- 4. gunea: Sarriegi plaza.
- 5. gunea: Liburutegia eta Plaza Berria.
Derrigorrezko marrazkiez aparte, hiriarekin lotutako nahi adina marrazki libre egin daitezke libreta berean. Teknika guztiz librea izango da eta nahi diren margo zein materialak erabili ahal izango dituzte marrazkilariek, baina ezinbestekoa izango da antolakuntzak emandako Moleskine koadernoa erabiltzea.
Kategoriak eta sariak
Lehiaketa hiru kategoriatan banatuko da eta bakoitzak bere saria izango du:
- 1. Kategoria (+16 urte): 100 euroko Elkar opari txartela eta Moleskine oparia koaderno onenarentzat.
- 2. Kategoria (10-15 urte, biak barne): 70 euroko Elkar opari txartela eta Moleskine saria koaderno onenarentzat.
- 3. Kategoria (<10 urte): 50 euroko Elkar opari txartela koaderno onenarentzat.
Eskubideak
Maratoira aurkeztean, parte hartzaileek marraztutako Moleskine libretako irudien eskubideak Elkarrenak izango dira, eta departamentuaren zein maratoiaren promoziorako edo erakusketa bat antolatzeko erabili ahal izango dira. Halere, lehiaketa amaitu eta hilabete batzuetara, marrazkilariek beren koadernoa berreskuratu ahal izango dute Elkar liburu denda batean jasota, hala eskatuz gero. Maratoian parte hartzeak arauen onarpen osoa suposatzen du.
Ekitaldian parte hartu nahi dutenek hilaren 15a baino lehen eman beharko dute izena, hemen.


