Kiptook 50 urtetik gorako munduko errekorra ezarri du Donostiako Maratoi Erdian
Emakumezkoen kategorian, Maitane Melero nafarra izan da azkarrena, lasterketa irabazteko faboritoa zena.
Mark Kosgey Kiptoo irabazlea, helmugan.Donostiako Maratoi Erdia Bosgarrenez egin zuten atzo Donostiako Maratoi Erdia, orain arteko partaidetza handienarekin —5.200 lagunek eman zuten izena—. Emaitzei dagokienez, aurreikuspenak bete zirela esan daiteke. Gizonezkoetan, Kenyako Mark Kosgey Kiptoo korrikalari beteranoak irabazi zuen, 50 urtetik gorako munduko errekorra ezartzearekin batera (01:03:57). Emakumezkoetan, berriz, Nafarroako Maitane Melero izan zen onena (01:15:44).
Kiptoo Afrikako pistako txapeldunak eta Kenyako kros selekzioaren kapitain izandakoak erritmo bizian egin zuen 21 kilometroko distantzia. M50 kategoriako marka ia hiru minutuan hobetu zuen. Lasterketan, ordea, Joseba Diazek ezarri zuen erritmoa. Zazpigarren kilometroa pasatu arte jo zuen, gutxi gorabehera, eta orduan Kiptoo buruan geratu zen Iraitz Arrospiderekin. Kilometro batzuk elkarrekin egin ostean, atzean utzi zuen gipuzkoarra, eta bakarrik iritsi zen helmugara. Arrospide izan zen bigarren (01:04:51), eta Youness Assehli hirugarren (01:07:19).
Emakumezkoen lasterketan, hasierako erritmoa Maria Lazaro madrildarrak jarri zuen, eta Melero izan zen jarraitu ahal izan zion bakarra. Zortzigarren kilometroan, Lazaro amore ematen hasi zen, eta nafarrak bakarrik egin zuen aurrera. Horrela iritsi zen helmugara, eta garaipena eskuratu zuen. Bigarren postuan Janice Studler suitzarra sailkatu zen (01:18:19), eta Lazaro hirugarren (01:18:27).

