Loiolako Perretxiko jaia, iruditan
Loiolako Perretxiko jaia.Nagore Garmendia Urtero lez, onddoek eta perretxikoek hartu zuten Loiolako Latsari plaza; atzoko egunez, hilak 4, amaitu ziren aurtengo Mikologia Jardunaldiak, Loiolatarra Kirol Elkarteko antolatzaileek uste zutena baino modu hobean. Kezkatuta eman dituzte azken asteak euririk egin ez duelako, eta ez zekiten, oso ziur, erakusketa egiteko adina pieza izango zituzten; azkenean, ohi baina espezie gutxiagorekin baina arrakasta handiz jarri dituzte ikusgai perretxiko eta onddo bereziak plazan, jendearen arreta bereganatzeko.
Perretxiko pintxoak, barazki postuak, gozoak, momentuan bertan erretako piperrak… gastronomia festak bete zituen bere helburu guztiak, eta eguraldi ona lagun, jendez inguratu ziren postu denak. Haurrek ere izan zuten beren tartea margoketa tailerrarekin eta puzgarriekin, familian ospatzeko egun bat ere izanik hau. Giro onarekin amaituta, datorren urteko udazkenari begira jarri dira, dagoeneko, elkarteko kideak.

