Metropolitan kirol zentroko hiru langile kaleratu dituzte, «greba betean»
Elkarretaratzera deitu dute astearterako (hilak 6), 10:45ean, zentroan bertan. Langileek ia sei hilabete daramatzate greba mugagabean.
Metropolitaneko langileen grebaren harira egindako agerraldi bat.ELA Donostiako Metropolitan kirol zentroko langileek ia sei hilabete daramatzate lan baldintza hobeen aldeko greba mugagabean, ELA sindikatuaren babesarekin. Orain, ordea, grebalariek salatu dutenez, zentroak hiru langile kaleratu ditu: “Honekin atzerapauso bat ematea nahi bazuten, oker zeuden”, nabarmendu dute.
Hain zuzen ere, kaleratzeak salatzeko, elkarretaratzera deitu dute biharko, hilaren 6rako, 10:45ean, Metropolitan zentroaren atarian. Kaleratzeak bertan behera uzteko eta lan baldintza duinak bermatzeko akordio bat lortzea izango dira aldarrikapen nagusiak.
Metropolitaneko langileek apirilean abiatu zuten greba mugagabea: “Mobilizazio honen arrazoia langileek pairatzen duten prekaritatea da”, azaldu zuen orduan ELA sindikatuak; izan ere, lan baldintzak estatu mailako hitzarmen baten mende daude, eta “soldatek nekez gainditzen dute Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata (LGS)”, ELAren arabera.

