Udalak artxibatu egin ditu Udaltzaingoak janaria kalean banatzeagatik jarritako salaketak
KASen debekuaren aurkako protesta, Plaza Berrian.Joseba Parron San Sebastian Udaltzaingoak identifikaturiko pertsonek ez dute zigorrik jasoko etxegabeei kalean janaria banatzeagatik. Pasa den ostiralean, Donostiako Udaleko Hiri Proiektuen eta Espazio Publikoaren Sailak zigor eskaera guztiak artxibatu zituen. Juantxo Marrero Hiri Proiektuen zinegotzi sozialistak jakinarazi zuenez, udaleko zerbitzu teknikoek ebatzi dute elikagaiak espazio publikoan ematea ez dela arau hauste bat.
Gogoratu behar da udalak uztailaren 28an debekatu zuela Kaleko Afari Solidarioak taldearen jarduna. Ondoren, ordea, udaltzainak ogitartekoak edo bestelako bazkariak kalean ematen hasi ziren boluntarioak jazartzen hasi zirela salatu zuen kolektiboak. Horietako asko identifikatu eta haien aurkako zigor eskaerak egin zituzten.
Marrerok isunak artxibatzeko arrazoi gehiago eman zituen. Azaldu zuenez, ez da egiaztatu espazio publikoa modu irregularrean erabili denik egiturekin, mahaiekin, karpekin edo bestelako altzariekin, eta adierazi zuen “berariaz arau aplikagarri batean arau hauste gisa aurreikusita dauden jokabideak baino ezin direla zigortu”.
PPren haserrea
Iragan ostiralean bertan, udalak harturiko erabakia gaitzetsi eta kritikatu zuen Borja Corominas PPko bozeramaileak. Salaketak artxibatzea agenteei eta haien lanari babesa kentzea dela esan zuen. Horrekin batera, EAJri eta PSE-EEri “adore politikorik” ez izatea egotzi zien.
Corominasek Jon Insausti alkatea ere seinalatu zuen: “Alkateak afari solidarioak debekatzeko PPren mozio baten aurka bozkatu zuen eta, astebete geroago, debeku hori hartu zuen arrazoi berberak argudiatuz”.

