Udalak etxegabetze prozesuen harira neurri berriak hartuko ditu
Jon Insausti alkatea, artxiboko irudian.Beñat Parra Jon Insausti alkateak jakinarazi duenez, neurri berriak ezarriko ditu Donostiako Udalak etxegabetze prozesuetan donostiarrak babesteko. Hirian etxebizitza asko dituzten putre funtsetan jarri du fokua alkateak, izan ere, Naiz Homesek 75 etxebizitza ditu Donostian –horietatik, %80 hutsik– eta Azorak 166 –horietatik, %40 hutsik–. Haiei zuzendu zaie alkatea, hainbat etxegabetze prozesu dituztelako martxan eta udalak bitartekaritza lana egin nahi duelako oraingo proposamenarekin.
Hain zuzen ere, jabe handiei “errenta aseguru” bat eskaini die: etxebizitzak “arrazoizko alokairuan mantentzen badituzte”, udalak errenta horiek eta balizko kalteak ziurtatzeko konpromisoa hartuko du. Neurri honekin Donostiako Udalak etxegabetzeko argudio gisa ez ordaintzeko arriskua ezabatu nahi du.
Alkateak nabarmendu du udalak “alokairu eskuragarritzat” jotzen dituela, gastuak barne, bizikidetza unitatearen batez besteko errentaren %30 gainditzen ez dituenak. 2026ko datuak hartuz, udalak kalkulatu du 1.000 euroko errenta izango litzatekeela “alokairu eskuragarria” –hileko gastuak gehitu behar zaizkio errenta horri–.
Alkateak, bestetik, konpromisoa hartu du eskaintza onartu ezean, “fede oneko Donostiako maizter kalteberei” bizitoki konponbidea emateko, betiere ordainketak egunean badituzte eta bidegabeko utzarazpen bat egin behar badute.

