Hiru hondartzetako krosak 4.500 partaidetik gora izango ditu; erdia baino gehiago, emakumezkoak
Korrikalarien erdia baino gehiago emakumezkoak izango dira aurten.Hiru hondartzetako krosa Igandean jokatuko dute 36. aldiz 3 Hondartzetako krosa. Ondarreta, Kontxa eta Zurriola zeharkatuta osatu beharko dute partaideek 10 kilometroko joan-etorria. Antiguan hasiko dute proba 10:00etan eta lau taldetan banatuta irtengo dira: 45 minutuz azpikoa, 50 minutuz azpikoa, ordubetez azpikoa, eta ordubetetik gorakoa.
Jakintza Atletismo klubak antolatzen duen lasterketan, aurten, 4.500 korrikalari baino gehiagok eman dute izena, eta emakumezkoen kopurua errekorra da: 2.545 partaide, guztien %54,6. Antolatzaileen esanetan, horrek “erreferente” bihurtzen du 10 kilometroko proben barruan, lasterketa mistoetan ehuneko altuena baitu.
Jatorriari dagokionez, berriz, %84,4 gipuzkoarrak dira, eta ondoren, ugarienak, nafarrak eta bizkaitarrak dira. Antolatzaileen esanetan, datu horiek agerian uzten dute probak lurraldean duen “sustraitze sendoa”, baita inguruko lurraldeetako herritarrak erakartzeko duen gaitasuna ere.
Dortsal solidarioaren bidez orain arteko kopuru handiena bildu dute: 3.411 euro. Diru hori minbiziaren akonpainamendua eta dibulgazioa ikuspegi feminista eta kolektibo batetik lantzen duen Iñurri elkarteak jasoko du. Gainera, karpa bat jarriko dute helmugan.
Dortsalak ostiralean eta larunbatean, hilak 9 eta 10, jaso beharko dituzte korrikalariek.

