'Kanthoria eta Auto-tunea': euskarazko musikaren ibilbidea aztertzen duen erakusketa
Xabier Erkizia 'Kanthoria eta Auto-tunea' erakusketan.Maddi Viana Ernest Lluch Kultur Etxeak Kanthoria eta Auto-tunea erakusketa hartuko du urriaren 7tik (bihar) azaroaren 7ra arte. Xabier Erkizia ikertzaile eta soinu sortzailea da erakusketaren komisarioa, bertan euskal musikaren –eta euskaraz egindakoa– historiaren ibilbidea aztertzen du Erkiziak, “ahozko tradizioan jasotako lehen kantuetatik hasi eta egungo forma hibrido eta digitaleraino”. Sarrera doakoa izango da.
Musika Bulegoak sustatutako proposamena da, elkartearen 10. urteurreneko ospakizunen parte da erakusketa eta “euskal musika ondare kultural bizia eta etengabe eraldatzen ari den aldetik, hedaetzeko, aztertzeko eta balioesteko konpromisoa” indartzea du xede. Elkartearen komunikazio arduradun Ruth Manzanok prentsaurrekoan adierazi duenez erakusketak “gure historiaren zati bat herritarrengana hurbiltzeko aukera” ematen du. Ana Lopez Donostiako Udaleko Kultura zinegotzia ere bertaratu da prentsaurrekora eta Manzanorekin bat egin du, erakusketak “gure musika kulturaren funtsezko zati bat” herritarrengana gerturatzen duela gaineratuz.
Erakusketa baino gehiago
Erakusketan dokumentuak, audioak eta ikus-entzunezko materialak daude, euskal musikaren bilakaeraren irakurketa zabala eginez. Erkiziak azaldu duenez, musikari buruz hitz egiteko espazio gutxi daude. Abestiak, produktuak saltzeko badago, baina musikak “garaiko gizartearen praxian” duen eraginaz mintzatzeko espazio gehiago behar direla aldarrikatu du ikertzaileak.
Hala, euskarazko musikari atzera begira egiten dio erakusketak; tradizioa gordetzea behar-beharrezkoa dela ere ziurtatu du Erkiziak, euskal musikaren gaur egungo egoera ulertu ahal izateko.
Hirutan egongo da erakusketa egongo den hilabetean zehar Erkizia bertan, bisita gidatua egiteko: urriak 7an (inaugurazioa) 19:00etan, urriak 29an 19:00etaan eta azaroak 6ean 19:30ean. Gainera, inaugurazio egunean (bihar, hilak 7), Maite Larburuk kontzertu akustikoa eskainiko du bisita gidatuaren ostean. Jon Bagues musikologoak ere bisita gidatu bat egingo du, hilak 22an 19:00etan.


