Nitrogeno dioxidoa %33 jaitsi da Donostiako erdigunean, Isuri Gutxiko Eremua ezarri zenetik
Isuri Gutxiko Eremuaren informazio panel bat, Grosen.Sara Ibarguren Isuri Gutxiko Eremua (IGE) martxan jarri zenetik urtebete baino gehiago igaro denean, Donostiako Udalak airearen kalitatearen bilakaera positiboa berretsi du. 2026ko lehen zortzi hilabeteetako (abuztura arte) datuen arabera, nitrogeno dioxidoak (NO₂), trafikoarekin zuzenen lotuta dagoen kutsatzaileak, %33 egin du behera erdigunean 2021-2024 aldiarekin alderatuta.
Easoko estazioan, NO₂-aren batez bestekoa 15,99 µg/m³-koa izan da aurten, 2025eko datua eta 2021-2024 aldikoa hobetuz. Gainera, iaz moduan, 2026an ere ez da behin ere gainditu Airearen Kalitateari buruzko Zuzentarau berriak ezarritako eguneko muga (2021-2024 artean urtean sei gainditze izaten ziren batez beste). Trafikoa kontrolatzeko Ategorrieta eta Tolosa Hiribideko estazioetan ere NO₂ mailak jaitsi dira 2025arekin alderatuta, nahiz eta 2021-2024ko batez bestekoarekiko jaitsiera ez den Eason bezain nabarmena izan.
Iñigo Garcia Ingurumeneko zinegotzi ordezkariak nabarmendu du iazko hobekuntza ez zela “unean uneko zerbait izan”, eta gaur egun erdigunean arnasten den airea duela urte batzuk baino hobea dela.
Partikula esekien hobekuntza
Aireko partikulei dagokienez ere bilakaera positiboa izan da Easoko estazioan. Alde batetik, partikula txikienen (PM2,5) batez bestekoa 2021-2024 aldiko 9,35 µg/m³-tik 8,19 µg/m³-ra jaitsi da 2026an, eta ez da behin ere eguneko muga gainditu. Bestetik, tamaina handiagoko partikulek (PM10) joera irregularragoa izan dute aurten Saharako hautsaren, tenperatura altuen eta euri gutxiko aldien eraginez; hala ere, horien batez bestekoa (17,23 µg/m³) 2021-2024 aldikoa baino txikiagoa da oraindik, eta eguneko muga bi aldiz baino ez da gainditu.
Ondorioz, aztertutako hiru kutsatzaile nagusiak 2030erako Europako Zuzentarau berriak aurreikusitako mugen azpitik daude, dagoeneko. Udalak gogorarazi du abuztura arteko behin-behineko datuak direla eta urte amaierara arte itxaron beharko dela behin betiko balantzea egiteko. Hala ere, Garciak argi utzi du helburua ez dela soilik mugak betetzea, baizik eta “urtez urte hobetzen jarraitzea”, donostiar guztientzat “hiri osasungarriagoa eta bizi kalitate hobea” lortzeko.

