Realak apirilaren 18an irabazitako koparekin argazkia doan egin ahal izango dute zaleek
Realeko jokariak kopa irabazi berritan, La Cartuja futbol zelaian.Reala Urriaren 8tik 12ra bitarte, Realak Anoetako ateak irekiko ditu nahi duten zaleek apirilaren 18an irabazitako Espainiako Koparekin argazkia doan egin ahal izateko. Ordutegi bat ere zehaztu dute: ostegunean, ostiralean eta astelehenean, 10:00etatik 20:00etara; larunbatean, 10:00etatik 13:00etara. Urriaren 11n, igandean, erakusketa itxita egongo da, Anoetan partida jokatuko baita.
Anoetako iparraldeko aparkalekura sartzeko arrapalan jarriko dute sarrera, denda ofizialaren ondoan. Bisitariek arrapala horretatik behera egin beharko dute, eta handik zelaira sartuko dira. Bertan, zelaiaren hegaletik joango dira aldageletako tunelaren irteeraren parera iritsi arte.
Armarriaren ondoan, kopaz gozatu eta harekin nahi dituzten argazkiak egin ahal izango dituzte. Ondoren, estadio txikiaren ondoan dagoen hegoaldeko aparkalekurako arrapalatik aterako dira.


