Adimen artifizialari buruzko begirada kritikoa eskainiko dute Tabakalerako udazkeneko POV hitzaldiek
Roberto Alonso Trillo eta Marek Poliks.Tabakalera Tabakalerak adimen artifiziala ardatz hartuko duten hiru hitzaldi eskainiko ditu udazken honetan, bere POV (Point of View) programaren barruan. Egitasmo honek kultura digitalen arloan erreferentzia diren pertsonekin elkarrizketak proposatzen ditu, digitalitateari ikuspegi kritiko eta didaktiko batetik heltzeko asmoz.
Lehenengo saioa hilaren 14an izango da, asteazkenarekin, 19:00etan Tabakalerako I Aretoan, Aireratzea: exokapitalismoaren teoria bat izenburupean. Bertan, Roberto Alonso Trillo hedabideen filosofia eta soinu esperimentala lantzen dituen artista eta teorikoak eta Marek Poliks teknologiaren filosofiako ikertzaileak gaur egungo kapitalismoari buruzko ikuspegi berria jorratuko dute, besteak beste, teknologiarekin eta sistema digitalekin duen loturari erreparatuta.
Egitarauak azaroaren 4an eta abenduaren 2an izango ditu hurrengo hitzorduak. Azaroaren 4an Júlia Nueno ikertzaile eta diseinugile konputazionalaren txanda izango da; Forensic Architecture taldearekin batera garatutako ikerketak azalduko ditu, zehazki Gazako genozidioari eta Israelgo gobernuak sistema konputazionalak eta adimen artifiziala erabiltzeari buruzkoak. Abenduaren 2an, ordea, Ana Valdivia Oxford Internet Institutuko irakasle eta ikertzaileak bere hurrengo liburua aurkeztuko du, adimen artifizialaren hornidura katea, datu zentroak eta materialtasuna ardatz hartuta.

