Billy Wilder zinemagilearen ibilbidean sakondu du Zigor Etxebestek
Zigor Etxebestek 'Billy Wilder. Jaunak esana' saiakera aurkeztu du.Euskadiko Filmategia Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak Billy Wilder. Jaunak esana liburua aurkeztu dute, Zigor Etxebestek zinemagileari buruz idatzitako saiakera. Nosferatu programazioaren zikloarekin batera dator liburua. Azaleko ilustrazioa eta lanaren maketazioa Mercedes Garciak (Ytantos) egin du.
“Guztiok ezagutzen dugu Billy Wilder. Edo hori dirudi. Bere film luzeen artean pare bat gutxienez izendatzen badakite ikusleek. Ez bada Some Like It Hot bat, The Apartment ere aipatu daiteke, baita The Seven Year Itch, Sabrina edo Sunset Boulevard. Eta pixka bat sakonduz gero, norbaitek Double Indemnity edo Irma la Douce gogora ekarri ditzake. Zailago izango da Wilderren beste lan batzuk, nahiz eta apartekoak izan, zerrendatzea”, adierazi du Etxebestek.
Wilderren filmografia errepasatzearekin batera, gidoilari gisa egindako ibilbidea da Etxebestek liburuan zehazki jaso duena. Era berean, Hollywooden jasandako gorabeherak aipatzen ditu, eta baita nola bi gidoilari kide bikain bere lankide estu bihurtu ziren —hasieran Charles Brackett eta geroago I. A. L. Diamond—.
Zinemagintzara iritsi aurretik, Wilderren bizitza Europan gorabeheratsua izan zela adierazi du Etxebestek: “Sucha jaioterritik Krakoviara igaro ostean, lehenik Vienan eta gero Berlinen bukatu zuen 1920ko eta 1930eko hamarkadetan. Geroago filmetan islatuko zuen Wilder ukitu imitaezina bertan erein zuen. 1933an Parisera iritsi zen eta hurrengo urtean Amerikara jauzi egin zuen, Hitler jaunaren iritsierak ni joatea bideratu baitzuen”.
Gidoi guztien atarian C. D. idatzi ohi zuen Wilderrek. “Bi hizki horien jatorriak harritzen zuen, latinezko Cum Deo (Jainkoarekin) esamoldetik baitzetorren. Wilder judutarra zen, baina ez bereziki fededuna, eta ohitura horri buruz galdetu ziotenean, Fernando Truebak adibidez, hauxe erantzun zuen: Ez dakit Jainkorik dagoen edo ez, baina edozein laguntza eskertzekoa da'”, azaldu du saiakeraren egileak.
Zikloa 2026an zehar garatzen ari da Tabakaleran, eta abenduaren 16an amaituko da, hark zuzendutako azken filmaren proiekzioarekin, Buddy, Buddy (1981).

