Dozenaka taxilarik «legea betearazteko» eskatu diete agintariei
Bi zutabetan egin duten protesta Alderdi Ederren amaitu dute. Taxien Euskal Federazioa Taxien Euskal Federazioak mobilizazioa egin du goizean, sektoreak bizi duen egoera azaleratu eta ibilgailu gidaridunen jardueraren aurrean administrazioak emandako “irtenbide falta” salatzeko.
Bi zutabetan egin dute martxa, Ibaetako Europa plazatik eta Bidebietako Ainguraren biribilgunetik abiatuta, eta une batzuetan hiriko trafikoan arazoak eragin dituzte. Oinez edo autoz joan diren 500 bat manifestarik parte hartu dute. Kursaaleko zubian elkartu ondoren, mobilizazioa eguerdian amaitu dute Alderdi Ederren. Han, tentsio unea izan da, manifestarietako batzuk hesia gainditu eta udaletxeko eskaileretara sartu baitira, pankarta eskuetan. Udaltzaingoak atera ditu bertatik.
Federazioko bozeramaile Iñaki Pardok egindako adierazpenetan aldundiei eta udalei eskatu die indarrean dagoen araudia betearazteko, hau da, ibilgailu gidaridunek hiriarteko zerbitzuak egin ditzatela, ikusi dutenez, zerbitzu gehienak hiri barrukoak baitira. “Talde bat egunero ari da legea urratzen, etengabe, eta inork ez du kontrolatzen, inor ez ditu lege kanpoko jarrera hauek gelditzen”, nabarmendu du.
Halaber, salatu dute gidari horien jarrera “bortitza”: taxi geltokietan geratu, bus-taxi erreietatik joan, txisten aurrean jarri, haiek iraindu eta probokatzeko keinuak egiten dizkietela. Taxilariak lasaitzeko ahalegina egiten ari badira ere, ohartarazi duenez, “irits daiteke une bat norbaitek eztanda egin eta arazoak izango dituguna”.

