Kirol Txartelaren gazteentzako hobaria zabaldu du udalak
Kirol Txartela. Aurreko urtean jakinarazi zuen udalak 15 eta 30 urte bitarteko gazteek Kirol Txartela edukitzeko ordaindutako kuoten %50eko hobaria jasotzeko aukera izango zutela. Orain hobaria jasotzeko aukera familia abonu baten parte diren gazteei zabaltzea erabaki du.
Hala, familia abonua martxan jartzen den dataren arabera, gazte bakoitzak 75 euro jaso ahal izango ditu, gehienez, betiere beharrezko baldintzak betetzen baditu.
“Kirola gazte guztien eskura egotea nahi dugu” nabarmendu du Iñaki Gabarain Kirol zinegotziak, eta hobaria handitzeak oztopo ekonomikoa kentzen duela gaineratu du. Gazte gehiago “instalazioetara sartu ahal izatea eta kirol praktika erregularra mantentzea” erraztea du helburu udalak.
Hobaria eskatzeko Donostia Kirolaren webguneko Abonatutako Eremura sartu behar da, ordainagiria deskargatu eta harekin Rural Kutxaren edozein bulegotara joan edo eskaera webgune bidez izapidetu. Rural Kutxako bezeroak direnek haien kontuan jasoko dute hobaria, bezeroak ez direnek IN Gazte kontu bat ireki beharko dute bertan, komisiorik gabe.

