Osakidetza, Biogipuzkoa eta Eusko Jaurlaritza, Israelen «konplize»
Osasungintza Genozidorik Gabe mugimenduak Caramel ikerketan israeldar parte hartzaileak daudela salatu du.Osasungintza Genozidorik Gabe Osakidetzak, Biogipuzkoak eta Eusko Jaurlaritzak Israelekin hitzarmenak sinatzen, datuak partekatzen eta botikak erosten dizkiotela salatu du Osasungintza Genozidiorik Gabe mugimenduak. Gaur hiru erakundeek aurkeztu duten Caramel ikerketan –12 milioi eurokoa– hiru parte hartzaile israeldar daudela salatu du mugimenduak: Ben-Gurion Unibertsitatea, Smart Nano Sense eta Clalit Health Services.
“Ezin dugu onartu gipuzkoar emakumeen osasuna emakume palestinarren gorpuetan oinarritzea” nabarmendu du Osasungintza Genozidiorik Gabek; “higuingarritzat” jo dute emakumeen gorputzen datuak israeldarren eskuetara iritsi izana, emakumeek jakin gabe.
Beraz, hiru eskakizun egin ditu mugimenduak. Lehena, Caramel proiektutik berehala irtetea eta, halaber, ikerketa proiektu denak eta “instituzio konplizeekin dugun harreman oro” etetea. Bigarren, hainbat ikerketa abian jartzea eskatu du; menopausiari eta emakumeen eta pertsona transen bizi etapa guztietako gaixotasun tasa desberdinari buruzkoak hain zuzen ere. Baita arlo horretako osasun langileen prestakuntza eta klimaterioari eta menopausiari heltzeko unitate espezifikoak sortzea ere. Azkenik, kontratazio politika publiko etikoak eskatu ditu Osasungintza Genozidiorik Gabek: “Osakidetzak, Eusko Jaurlaritzak, udalek eta diputazioek giza eskubideak urratzen dituzten enpresak eta instituzioak kontratatzeari uztea”.
Bestetik, ikerketan parte hartu duten emakumeei mezua ere helarazi nahi izan die mugiemduak: ikerketan lagundu nahian ikerketan parte hartzea erabaki bazuten, Israelen parte hartzearen inguruan jakin gabe, eta haren berri izan ostean kezkatuta badaude, ikerketatik baja eman dezakete.

