Topoaren geltoki berriak bisitatu ahal izango dituzte herritarrek, funtzionamenduan jarri aurretik
Amara, Bentaberri eta Kontxa-Zentroa geltoki berriak bisitatzeko aukera eskainiko du Eusko Jaurlaritzak, urrian eta azaroan, aurretik izena emanda. Bestalde, bihar, hilaren 8an, irekiko dute Anoetako geltokiko atari berria.
Topoaren lanetako bisita bat.Eusko Jaurlaritza Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren aurreikuspena da azaroaren 21ean inauguratzea Donostiako topoaren igarobidea, baina, horren aurretik, geltoki berriak bisitatzeko aukera emango die herritarrei. Zehazki, Amara, Bentaberri eta Kontxa-Zentroa geltoki berriak bisitatu ahal izango dira, urriaren 19tik azaroaren 5era, aurretik izena emanda.
Hilaren 8an irekiko dute izena emateko epea, eta hiru modutan egin ahal izango da: presentzialki, 08:30etik 14:30era, Euskal Trenbide Sarearen Herritarrei Arreta Emateko Bulegoan (Topogunea), Amarako geltokiko atondoan; 680 56 42 04 telefonora deituta eta Topo.eus webguneko inprimakia betez. Izena emateko, datu hauek aurkeztu beharko dituzte herritarrek: izen-abizenak, adina, NAN zenbakia eta harremanetarako telefonoa edo helbide elektronikoa, eta, aldi berean, zein geltoki eta noiz bisitatu nahi duten.
Lehenengo bisita txandak Amarako geltoki berrian izango dira (Autonomia kaletik du sarbidea), urriaren 19an, 20an eta 21ean. Ondoren, bisitak Bentaberrin egingo dituzte, urriaren 27an, 28an eta 29an. Azkenik, Kontxa-Zentroa geltokia azaroaren 3an, 4an eta 5ean bisitatu ahal izango da. Hiru kasuetan, egun bakoitzean hiru txanda egongo dira: 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan.
Bestalde, Mugikortasun Jasangarriaren Sailak gogorarazi du bihar, hilaren 8an, irekiko duela Anoetako geltokiko atari berria: “Topoaren erabiltzaileek Realaren partida egunetan mugitzeko modu berri bat izango dute, eta igande honetako Reala– Deportivo partidatik aurrera aktibatuko da”.
Haurrentzako marrazketa lehiaketa
Geltoki berriak bisitatzeko izen ematea ez ezik, Nola imajinatzen duzu etorkizuneko Topoa? haurrentzako marrazki lehiaketan parte hartzeko epea ere irekiko du ostegunean Mugikortasun Jasangarriaren Sailak. “Lehiaketaren helburua da trenak eta mugikortasun jasangarriak familien egunerokoan, haien joan-etorrietan duen garrantzia balioan jartzea, besteak beste, eskolara, lanera, senideak bisitatzera, eta kirol edo aisiako beste edozein jardueratara”, azaldu dute arduradunek.
Marrazkiak urriaren 8tik 30era bitartean jasoko dituzte (biak barne). Herritarrei arreta emateko Euskotrenen bulegoan entregatu daitezke paperean, Amarako geltokian (Easo plaza, 6, Donostia), astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 20:00etara. Marrazkiak posta elektronikoz ere bidal daitezke, helbide honetara: topoabadator@euskotren.eus.

