Bretxako merkatariak urtarrilaren amaieran lekualdatuko dira egoitza berrira
Jon Insausti eta Ane Oiarbide Bretxako irudi berriarekin.Donostiako Udala Bretxako Arrandegi eraikinaren beheko solairua birgaitzeko lanak azaroaren 15erako amaituta egongo dira, aurreikusitako egutegia betez. Hala ere, asentatzaileak, baserritarrak eta horien ekipamenduak leku berrira eramateko azken urratsa urtarrilaren amaierara arte atzeratuko da.
Erabakia Bretxako 22 asentatzaileek hartu dute batzarrean egindako bozketa baten bidez; izan ere, azaroaren bigarren erditik San Sebastian egunera arteko tartea ezinbestekoa da beren negozioen fakturaziorako. Donostia Sustapenak eskaera onartu, eta lekualdaketaren zein abiaraztearen egutegia merkatariek dituzten behar horietara egokituko du.
Berrantolaketa eta kontratuak
Donostia Sustapena arduratu da Bretxako emakidaren obra egiteaz. Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enplegu zinegotziak azpimarratu du hasiera-hasieratik aritu direla asentatzaileekin elkarlanean, bai merkatu berriaren diseinuan baita obren planifikazioan ere. Bere esanetan, lekualdaketa atzeratzearen helburua da Eguberrietako kanpainari eta San Sebastian egunari “normaltasunez aurre egin ahal izatea”, trantsizioa ahalik eta eragozpen gutxienekin eginez eta merkatuan egunero lan egiten dutenei “segurtasuna eta lasaitasuna” emanez.
Bitartean, berrantolaketa eta kontratu berriak, merkataritza espazioen berrantolaketak eta kontratuak formalizatzeko prozesuak aurrera jarraitzen dute. Beheko solairuan egongo diren 22 asentatzaileen kontratuak bihar (hilak 9) amaituko dira sinatzen. Hori egindakoan, baserritarren 11 postuen txanda izango da; hauek Aldamar kaleko eta Plazako sarreretatik gertuen kokatuko dira merkatu berrian.
Bestalde, plazako tupper gunean dagoen Litxarreria Kioskoak Arkoak eraikinera pasatuko da Bretxan lanean jarraitzeko, eta laster formalizatuko du kontratua. Horrez gain, Donostia Sustapenak iragarri du hilabete honen amaieran lizitazio bat argitaratuko duela merkatu berriko gune huts batean okindegi postu bat martxan jartzeko.

