'Desagertuta' telesailaren bigarren denboraldiaren filmaketa abiatu dute
Sei atal izango ditu eta hainbat aktore donostiarrek parte hartuko dute. Berriz ere, euskaraz eta gaztelaniaz grabatzen ari dira.
'Desagertuta' telesailaren bigarren denboraldiko aktore taldea eta zuzendaria.Unai Mateo Lehen denboraldiak Netflixen eta Primeran plataforman izandako arrakastaren ondoren, Desagertuta telesailak jarraipena izango du. Hain zuzen ere, bigarren denboraldia filmatzen hasi dira Pausoka eta Zebra Producciones ekoiztetxeak.
Sei atal izango ditu eta Gipuzkoako hainbat tokitan grabatuko dute. Gainera, euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean filmatzeko formula aitzindariari eutsiko diote, “bi hizkuntzetan benetako esperientzia eskaintzeko” eta “euskal ikus-entzunezkoen hizkuntza eta kultura aniztasunarekiko konpromisoa” bultzatzeko.
Istorioari dagokionez, Jon desagertu eta hiru urtera abiatuko da, hiru gakorekin: garai bateko kuadrilla berriz elkartuko da, tentsioz betetako egoeran; Iñakik benetan zer gertatu zen jakiteko presioa egingo du; eta Niko izango da tartean, Amaiaren inguruan dabilen gazte arraro xamarra. Konpontzeko are zailagoa den misterioz beteriko istorioa izango dela adierazi dute.
Aktore donostiarrak
Bigarren denboraldian ere hainbat donostiar daude aktore taldean. Gorka Otxoa berriz ere Iñakiren rolean ariko da, eta Ane Gabarainek (Leire) parte hartuko du. Baita ere, Donostian bizitzen urteak daramatzan Jose Ramon Soroizek (Antxon).
Gainerakoan, aktore taldea osatuko dute Itziar Atienza (Maite), Jon Olivares (Otxoa), Ainhoa Azpitarte (Amaia), Ane Rot (Ane), Ainhoa Larrañaga (María), Asier Rikarte (Iker), Unai Arana (Mikel) eta Julen Taboada (Javi) antzezleek. Aldiz, Itziar Manero (Irati) eta Iker Roca (Niko) aktore gazteak lehen aldiz agertuko dira.
Xabi Zabaleta eta Marta Grau Rafele dira telesailaren sortzaileak eta gidoigileak. Aldiz, Jabi Elortegi eta Liliana Bocanegra dira zuzendariak. Bigarren denboraldia ere EITBren Primeran plataforman euskaraz eta Netflixen gaztelaniaz estreinatuko dute.


