Donostiako semaforoek autoen zirkulazioa lehenesten jarraitzen dute, Kalapieren hitzetan
Semaforoa.Joseba Parron Kalapie elkarteak Donostiako semaforizazioaren bilakaera aztertu du, 2020an egindako lehen ikerketa gaurkotuz. Hiriko bederatzi bidegurutze berriz neurtu ondoren, elkartearen ondorioa argia da: semaforoen diseinuak zirkulazio motordunaren arintasuna lehenesten du oraindik ere, mugikortasun aktiboaren kaltetan.
Datuen arabera, bilakaera oso eskasa izan da sei urteko epean: oinezkoentzat eta bizikletentzat bideratutako denbora berdea 18,6 segundotik 21 segundora igaro da batez beste, eta semaforo gorriaren itxaronaldia 70,6 segundotik 68,1 segundora jaitsi da. Kalapiek salatu duenez, kale bat zeharkatzeko minutu bat baino gehiago itxaron behar izateak joan-etorri jasangarriak zigortzen ditu, eta traba handia da bereziki adinekoentzat, haurrentzat eta mugikortasun murriztua dutenentzat.
Hobekuntza oso kokatua
Batez besteko datu horiek, gainera, egoera oso desberdinak ezkutatzen dituzte; izan ere, hobekuntzak gune zehatz batzuetan soilik eman dira. Iztueta eta Frantzia pasealekuaren arteko bidegurutzean 12 segundo berde gehiago daude orain, eta Hernani kalean 6 segundo gehiago. Bestalde, beste lau puntutan ez da inolako aldaketarik egin, eta Anoetako bidegurutzean egoerak okerrera egin du: oinezkoek 4 segundo berde gutxiago eta 5 segundo gorri gehiago dituzte.
Beste hiri eredu batzuen beharra
Elkarteak azpimarratu du semaforoak beharrezkoak direla soilik trafiko eta abiadura handiko guneetan. Horren harira, gogorarazi dute Zornotzan (Bizkaia) istripuak % 80 murriztu zirela 2000. urtean semaforoak kendu eta diseinua aldatu zutenean. Gasteizko Udalak ere bere mugikortasun plan berrian semaforo kopurua gutxitzea aurreikusi duela gaineratu dute.
Kalapiek, hala, neurri zehatzak eskatu dizkio Donostiako Udalari: semaforoen murrizketa, tarte orekatuak (denboraren erdia gutxienez (% 50) oinezkoentzat eta txirrindularientzat berdea izatea), semaforoak 12-15 km/h-ko abiadurara egokitzea, —hori baita bizikleten batez besteko abiadura— eta trafikoa baretu eta bidegurutzeak eraldatzea, pertsona zaurgarrienen segurtasuna erdigunean jarriz.

