Ekialdeko Barrutian lan egiteko modua aldatuko du EH Bilduk
Mikel Osinalde eta Garbiñe Alkiza, udaletxeko prentsa aretoan.EH Bildu EH Bilduk agerraldia egin du udaletxean, Ekialdeko Barrutiarekin eta Altza, Intxaurrondo eta Bidebieta auzoekin duen “konpromisoa” berresteko. Garbiñe Alkiza eta Mikel Osinalde EH Bilduren Ekialdeko Barrutiko ordezkariek salatu dutenez, EAJren eta PSE-EEren udal gobernuak erakunde horrekiko erakutsi duen “utzikeria urrutiegi joan da” eta egungo egoera “delikatua” da.
“Ehun eguneko epea eman genion Jon Insausti alkateari eta udal gobernuari, iragan maiatzean. Egoera zuzendu eta partaidetza aktibatzeko saiakera zen. Ordea, ez da posible izan. Horregatik da erabat ulergarria iragan astean eragile eta elkarteek hartutako erabakia: alkateari planto egitea”, nabarmendu dute.
Horren aurrean, EH Bilduk Ekialdeko Barrutiaren baitan lan egiteko modua aldatuko duela iragarri dute. Ez dira barrutiko batzordetik joango, baina “udal gobernuari dagokion lana” egiteari utziko diote. “Gure lana kalean indartuko dugu, Altza, Intxaurrondo eta Bidebietako auzoetan, bertan hartzen diren erabakiei beste modu batean bide ematen saiatzeko”, azaldu dute.
Proiektuak geldirik
Alkateari egotzi diote Ekialdeko Barrutiko azken batzarrera “etxeko lanak egin gabe” joan izana: “Ez zuen batzarrak eskaturiko informaziorik eman, ez zuen aurrekontuetan izoztutako proiektuen zehaztasunik eman”. Gainera, jakinarazi dute 2023tik partaidetzako hainbat proiektu geldiarazita dituela udal gobernuak, hala nola Buenavista parkeko argiztapena eta oinezkoen pasabide goratua Txaparrenen.
2023ko partaidetza aurrekontu hauez gain, 2025eko Herrerako pasealekuko argiztapena eta Otxoki pasealekuaren eta Sagastiederren arteko bidegorria proiektuak ere geldiarazita
dituztela deitoratu dute. “Azken batzarrean eragileek eta elkarteek batzarra utzi zuten egungo egoera konpondu arte, eta guk, EH Bilduk, babesten dugu erabakia. Galdera orain da: zer egingo du alkateak egoera hori konpontzeko, zer egingo du Ekialdeko Barrutiko partaidetza bermatzeko eta sinesgarri izateko?”, galdegin dute.

