Zer plan egin dezakezu asteburu honetan Donostian?
Kattalin eta Nenufarrak taldea.Kutxa Fundazioa Zer plan duzu asteburu honetan Donostian? Alde batetik, ez ahaztu jaiak ospatuko dituztela egunotan Amara Berrin eta Martutenen; gure atal berezian dituzue egitarauak. Bestetik, gure agendan ekitaldi aukeraketa zabala aurkituko duzu, eta egun bakoitzeko plan proposamen bat egingo dizugu jarraian.
Ostiralean (hilak 9), haurrei begirako plan proposamen bat: Pantzart Teatroa konpainiak haurrentzako Txan fantasma antzerkia eskainiko du Ernest Lluch Kultur Etxean, 18:00etan. Gonbidapena eskatu behar da, han bertan.
Larunbatean (hilak 10), Saretuz elkarteak antolatutako Burujabe cha cha cha topaketa gomendatuko dizugu: elikadura burujabetza izango dute hizpide, Gladys Enea parkeko Ingurumen Baliabideen Etxean antolatutako jardunaldian, 11:00etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da.
Igandean (hilak 11), Gaztea irratiak Musikaren Egunaren bigarren edizioa egingo du Tabakaleran, eta hamabi ordu inguruko egitaraua izango du. 11:30etik aurrera, Euskal Herriko hainbat musika taldek eta bakarlarik joko dute Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko aretoetan. Besteak beste, Zeatikez, Belako, Tatta, Lukiek, Ane Lukin, Esanezin, Aimarz, XSakara, Kattalin eta Nenufarrak, BARRRK, Garazi Esnaola eta Herenegun izango dira programan.
Bonus track. Astean zehar plan bat egin nahi izanez gero, hementxe gure gomendioa: Donostiako Zero Pobrezia Plataformak eta Donostia Kulturak antolatuta, Desinfokrazia edo demokrazia? bertso saioa egingo dute ostegunean (hilak 15) Antiguako Lugaritz Kultur Etxean (19:00), Donostiako Pobreziaren eta Bazterkeriaren Aurkako Astearen barruan. Alaia Martin eta Aner Peritz arituko dira bertsotan, eta Imanol Artola Felix izango da gai jartzailea. Sarrera doakoa izango da.

