Brutalismoari ikuspuntu berri batetik begiratzeko proposamena, Museum Cemento Rezolan
Jose Maria Echarri, Rafael Pascual eta Olatz Ocerin erakusketaren irekiera ekitaldian. Museum Cemento Rezola Brutalismo. Hormigón. Maite zaitut. Gorroto zaitut erakusketak hormigoi gordina bere nortasun ezaugarri nagusietako bat bihurtu zuen arkitekturaren jatorria, dimentsio soziala eta erreferente handienetako batzuk jorratzen ditu. Museum Cemento Rezolak eta Heidelberg Materialesek antolatutako bildumak XX. mendeko arkitektura mugimendu ezagunenetako eta eztabaidatuenetako bat du ardatz; 2027ko irailaren 17a arte ikusgai egongo da.
Brutalismoa ezagutzeko eta batez ere beste modu batera begiratzeko gonbita da. Izenburuak berak laburbiltzen du bere berezitasunetako bat: erabat bestelakoak diren erreakzioak sortzeko gaitasuna. Hormigoiaren gogortasunak, kolore grisaxkak, ehundura latzak eta ia apaingarririk gabeko biluztasunak erakarpena eta arbuioa eragiten du.
Ibilbidea Béton brut delakotik eta Le Corbusierren eraginetik hasi eta gerraosteko Europan izan zuen garapena heltzen da, garai eta toki horretan, hormigoiak eta espazio kolektiboek protagonismo handia hartu baitzuten, gizarte, bizitegi eta hezkuntza premia berriei erantzuteko. Hormigoia altzairua baino merkeagoa izateaz gain, gerra ondorengo bizimoduaren gogortasuna eta degradazioa islatzen zuen metafora ere bazen.
Amaitzeko, ondare horren orainaldiari eta etorkizunari buruzko gogoeta proposatzen du: eraitsi, babestu ala erabilera berriak?
Beste jarduerak
Museoaz harago ere eramango dute erakusketa. Hala, urriaren 24an Ibilbide Brutalista egingo dute Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, 10:00etatik 13:00etara. Arkitektura horren zenbait adibidetara hurbilduko dituzte partaideak, hala nola El Carmelo Ikastetxera, Paco Yoldi Kiroldegira, Bera-Bera auzora eta Blas de Lezo Nautika eta Arrantza Eskolara. Olatz Ocerin arkitekto eta erakusketaren komisarioak eta Jon Eguizurain arkitekto eta EHUko doktoregaiak gidatuko dute. Jarduerak 10 euroko kostua du eta aldez aurretik izena eman behar da.
Horrez gain, hiru hitzaldi ere antolatu dituzte eztabaidan sakontzeko.
- Abenduak 10, osteguna, 19:00etan. Jon Eguizurain arkitektoak Arkitektura Brutalistak Donostian eta Pasaian hitzaldia emango du eta Fahrenheit 451 (1966) filma proiektatuko dute.
- 2027ko otsailak 2, asteartean. Luis Vallet de Montano tradizioaren eta modernitatearen arteko arkitektoaren eta Fernando Garcia Nieto Artearen Historialariaren arteko solasaldia.
- 2027ko apirilak 8, osteguna. Olatz Ocerin arkitektoak Margarita Mendizabalen Euro-Kursaal brutalista gaiari buruz hitz egingo du.

