Dibertigarria omen da
Etxegabetzeen Aurkako Suhiltzaileen Plataformaren kamiseta jantzia duen gizon bat higiezinen agentzia baten erakusleihoari begira.Joseba Parron San Sebastian Azken urteetan egindako politiken uzta jasotzen ari gara: etxebizitza eskuratzea ezinezko bihurtzen ari da, ez bada jada.
Esan ziguten gazteoi: ikasi, joan unibertsitatera, has zaitez lanean eta urte batzuetan etxebizitza bat erosi ahalko duzu. Hemen gaude, ordea, gehienak ez aurrera, ez atzera. Diru laguntzak badaude, bai, eta badira laguntza, baina ez al litzateke etxe bat edukitzea erraztu behar halako laguntzarik ematea beharrezkoa izan gabe?
Berriro ere ikusi da gutxi batzuen nahiak beste denen beharren gainetik daudela.
ABBAren Money, money, money kantak bazioen dibertigarria izango zela gizon dirudunaren bizitza.
Hala ikusi da Valentzian. Higiezinen kongresua egin zuten Arteen Jauregian, eta kongresura joan ziren batzuek parean elkartutako manifestariei barre egin zieten, balkoitik behera. Dibertigarria omen da, jendea kale gorrian uztea euren poltsikoak bete artean.
Tartean hemen gaude, eskubidea duguna, beharrezkoa duguna, ezin eskuratu. Eta, hala ere, erakusleiho parean geratzen gara, inoiz eduki ezin duguna begiratzeko.

