Emakume erizainentzako eskola eta behartsuentzako kontsultategia
Emakume erizain talde bat egon zen Donostian, 1909 eta 1950 urteen artean. Mediku frantses batek trebatu ondoren, borondatezko lana egin zuten, dirurik ez zuten gaixoak artatuz, hainbat urtetan zehar.
Erizainak, Santa Isabel kontsultategian lanean.Enfermeria Avanza Marokoko lehen gerra amaituta eta Rifeko gerra (Marokoko bigarren gerra) hastear zegoela, mediku eta erizain asko Donostiatik Marokora joan –edo bidali– ziren, bertan zaurituak izan zirenak artatzeko. Garai hartan, Charles Vic mediku frantsesak –erreferentzia batzuetan, Carlos Vic deitzen dute– gabezia bat nabaritu zuen Donostian: Nazioarteko Gurutze Gorriak ezarritako neurriak ezagutzen zituzten erizain talde trebaturik ez zegoen bertan. Egon bazeuden, baina, ogibidea ikasi nahi zuten emakumeak: bertako gizon dirudun aristokratikoen emazte eta alabak.
Hala, emakume horiei klaseak ematen hasi zen Vic, goizez eta arratsaldez. Hainbat hilabete geroago, emakumeak erizain lanetan trebatuta zeudenean, Santa Isabel kontsultategia ireki zuen. Kontsultategiaren helburua, erizainek ikasitakoa praktikatzeaz gain, hiriko txiroak artatzea zen; garaian osasun zerbitzu publikorik ez zegoenez, behartsuentzako doako zerbitzu bat eskaintzea.
Eskola eta kontsultategiaren antolakuntza
Kontsultategia beste bi mediku frantsesekin batera ireki zuen Vic medikuak: Michel Leremboure eta Augusto Harriet. Jarduna 1909 eta 1910 urteen artean hasi zuten. Artatu bakoitzari fitxa bat sortzen zioten, berarekin eramaten zuen fitxa eta kontsultategira itzultzen bazen, harekin ekarri behar zuen bueltan.
Kontsultategia Easo plaza eta Larramendi kaleko 27. zenbakia topatzen diren lekuan jarri zuten, eta hasieran lokala txikia zen arren, geroago, handitu egin zuten. Hala azaltzen du Enfermeria Avanza blogak, Manuel Solorzano Sanchez erizain erretiratuak bere ogibidearen inguruko historia zabaltzeko erabiltzen duen webguneak.
Blogean, Solorzanok azaltzen du «Erizain Dama» deitzen zituzten horiek, erizain izatea erabaki aurretik, gogoeta egin behar zutela. Honela jaso ditu garaian esandakoak: «Ezagutza sendo, teoriko eta praktikoak behar ditu, abnegazio errukitsua, diziplina zorrotzeko izpiritua, hurkoarenganako maitasun kristaua, gozotasun erakargarria eta gaixoekiko pazientzia eredugarri eta agorrezina, eta hobe du erizaina ez izatea, izenez soilik izatea baino».
Emakumea zaintza lanetara baztertzen zuten, baina erizain lana gogorra eta beharrezkoa ere badela aitortu zuten, behintzat
Hain zuzen ere, emakumea zaintza lanetara baztertzen zuten, baina erizain lana gogorra eta beharrezkoa ere badela aitortu zuten, behintzat.
Mediku lanetan, aurretik aipatutako Vic, Leremboure eta Harriet zeuden, Luis Gonzalez Ayani medikuarekin batera. Hala ere, txertorik jarri, sendaketarik edo antzekorik egin behar bazen, erizainek egiten zuten (beste lan batzuen artean).
Erizain Damen antolakuntza
Jakina da garai hartan Maria Kristina Espainiako erregina Donostiara sarritan etorri zela uda bertan igarotzera. Hirira etorri zen aldi horietako batean, erizain hauen jardunaz jakin zuen. Ideia gustatu egin zitzaion: erizain emakumeen laguntzarekin antolatutako doako kontsultategiak, pertsona txiroak ere artatuak izan zitezen.
Horrela sortu zuten Gurutze Gorriko Erizain Damen elkartea, emakume erizain horiek antolatzeko. Donostiako Damen Batzarrak –gazteleraz Junta de Damas deiturikoa– ere bertan lagundu zuen, Marokora bidaiatuz militar zaurituak artatzeko.
Batzarrak zuzendaria zuen, zuzendariordea, idazkaria, diruzaina eta, noski, baita kideak ere. Den-denak emakume erizainak ziren, «etxe onekoak» gehienak.
Antolakuntza horri esker iraun zuen emakume erizain horien elkarteak 1950ko hamarkadara arte. Kontsultategia, ordea, 1936an itxi zuten, 36ko gerra hasterakoan, mediku gehienek ihes egin zutelako.



