«Isilean sufritzeak ez du esan nahi sufritzen ez denik»
Epaituak eta baztertuak izateko beldurrak isilarazi egiten ditu buru osasuneko arazoak dituzten pertsonak. 40 urte daramatza, hain zuzen ere, Agifes elkarteak pertsona horiek zaintzen eta artatzen; Buru Osasunaren Nazioarteko Egunaren atarian —bihar, hilak 10—, diagnostikoaren azpian dauden pertsonak ikusteko beharraz aritu da elkarteko psikologo Iker Arrizabalagak (Erdialdea, 1975).
Iker Arrizabalaga, Agifes elkarteko psikologoa.Joseba Parron San Sebastian Agifesek 40 urte bete ditu aurten. Elkartea sortu zenean, nola zegoen Donostia buru osasunari zegokionez?
Orain dela 40 urte, bi gertaera nagusi izan ziren; alde batetik, erreforma psikiatrikoa egin zen Espainiako Estatuan, 1985ean. Horrek gure irudimenean ditugun psikiatrikoen eta eroetxeen murrizketa eta itxiera eragin zuen, eredu komunitario bati jarraituz. Orain modan dagoen eredu hori ez da berria; duela 40 urte horri buruz hitz egiten zuten.
Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak eskumenak hartu zituen 1983an, eta buru osasuneko arreta komunitarioa garatzen hasi zen, herri eta eskualde bakoitzean zentroak irekitzeko helburuarekin. Momentu hartan, Donostia Ospitalean psikiatriko bat eta beste dispositibo batzuk besterik ez zeuden, ordura arte diputazioak kudeatzen zituenak. Garai hartan, ez zegoen egitura askorik erakunde publikoen aldetik. Buru osasunaren arreta ongintza zerbitzu baten inguruan zegoen antolatuta, askotan, erakunde erlijiosoetatik gertu. Ez dauka zerikusirik oraingo egoerarekin.
Ez zitzaion hainbesteko garrantzia ematen orduan? Eroen kontutzat hartzen zuten, agian.
Bai, eroak itxita egon behar zirela uste zen, arriskutsuak zirelako. Ideia batzuk asko aldatu dira, baina oraindik aurreiritzi eta estigma batzuk mantentzen dira.
Donostia osoan zehar hainbat zentro ditu gaur egun Agifesek.
Ohe psikiatrikoak murriztu zirenean, pertsona horiek beraien familien etxera itzuli ziren, eta eroetxea familiaren etxe bihurtu zen. Familia ez zegoen prestatuta, formatuta, eta beraiek ere aurreiritziak zituzten. Egoera horren aurrean, familiak elkartzen hasi ziren, eta 1985ean, Agifes sortu zen. Baina ez ziren familiak soilik elkartu; buru osasuneko profesional batzuen laguntza eta bultzada ere jaso zuten. Izan ere, zentro komunitario berri haietan, profesionalek baliabide oso gutxi zituzten, eta elkarlanean aritzea ezinbestekoa izan zen.
Agifesen lana, hasieratik, familiak prestatzea izan da, orduan.
Hala da, bai. Bi zutabe nagusi ditu: familiei harrera egitea, orientatzea eta epaitu gabeko espazioak antolatzea; betiere, laguntza profesionala eskainiz familia osoari, ez soilik gaixoari. Eta, era berean, erakunde publikoei erdibideko baliabideak eskatzen zizkieten, ospitalearen eta etxearen arteko zentroak gertuko ingurunean egon zitezen; auzoan, komunitatean, etxetik gertu.
Duela 40 urte, familia askok ezkutatu egiten zuten etxean buru gaixotasun bat zegoela, esango zutenaren beldurrez. Lotsa hori desagertu egin da, ala forma aldatu besterik ez du egin?
Asko aurreratu dugu, baina lan handia dago oraindik egiteke. Duela 40 urte, psikologoarengana edo psikiatrarengana joatea oso estigmatizatuta zegoen, eta txiste asko egiten ziren eroei buruz. Gaur egun, batez ere pandemiaz geroztik, buru osasuneko arazo batzuk onartuagoak daude; esaterako, antsietatea, depresioa edo bipolaritatea. Hitz egin daiteke gehiago. Batez ere gazteen artean, psikologora joatea nahiko «desdramatizatuta» dago, gaur egun. Dena den, arazo larrienek, hala nola eskizofreniak, depresio larriek edo nahaste bipolarrak, armairu barruan jarraitzen dute.
Ospitale psikiatriko batean egon zarela esateak oraindik baztertua izateko beldurra dakar. Estigma soziala, norberaren autoestigma eta familiaren estigma daude hor; familiako batek arazoa duenean, inpaktua handia da, eta askotan ezkutatu egiten dute, kidea babesten ari direla pentsatuta. Era berean, estigma profesionala ere badago; profesionalek aurreiritziak dauzkagu, eta garrantzitsua da epaitu gabe lan egitea, inor inon sailkatu gabe.
«Buru osasun arazoen %70-80a
nerabezaroan eta heltze prozesuan ematen dira»
Garrantzitsua da norberak bere egoera onartzea, ezta?
Agifesera datozen diren pertsona asko ez dauzka identifikatuta ez Osakidetzak, ez Eusko Jaurlaritzak, ezta udalak ere. Buru osasuneko arazoen onarpena errekuperazioaren %50a da; ez badut onartzen, nola eskatuko dut laguntza? Familiek oso ondo dakite hori… Arazo bat da jendeak arazo bat duela ez onartzea, erantzukizuna kanpora botatzen duelako.
Batzuetan, badirudi jendeak arazoa besterik ez duela ikusten, eta ez dutela gaixotasuna pertsonarengandik bereizten…
Horrexegatik, hori zaintzen saiatzen ari gara gu. Adibidez, nire paziente izandako bat, orain nire lankidea da. Pertsona arazoaren gainetik ikusi behar da; beharrak eta desioak dituen pertsona bat da, beste guztien moduan. Pertsona batek bere identitatean rol asko jokatzen ditu, eta fisikoa den zerbaitek definitzen ez zaituen moduan, arazo emozional batek ere ez zaitu definitzen.
Jendea beldurragatik isiltzen da: epaituak, ez maitatuak eta baztertuak izateko beldurragatik. Buru osasuna konplikatua da, oso zeharkakoa delako; denok dugu ondoez emozionala kudeatzeko gaitasuna, ez da, soilik, psikologoen eta psikiatren esparru bat. Bizitzako etapa edo arlo desberdinetan (ikasketetan, lanean, harremanetan) gertatzen diren arazo horiek nola kudeatzen ditugun arabera, zailtasunak garatu ditzakegu. Arazo hauen %70-80a nerabezaroan eta heltze prozesuan ematen dira, eta horregatik bideratzen dira baliabideak adin tarte horretara.
Nolakoa da gaur egungo Agifeseko erabiltzaileen profila?
Zabaldu egin da, gizartea zabaldu den bezalaxe. Lehen, Agifesek buru osasuneko arazo larriekin (eskizofrenia edota psikosia, esaterako) egiten zuen lan, nagusiki. Pandemiaren aurretik hasi ginen ikusten arazoa zuen pertsona zela elkartera laguntza edota informazio eske zetorrena. Pandemiaren ostean, ordea, gorakada handia egon da gazteen artean, egoera konplexuekin: autolesioak, elikadura nahasmenduak, beren buruaz beste egiteko saiakerak, drogen kontsumoa edota isolamendua, besteak beste.
Egonezin horiek kudeatzeko eta harreman osasuntsuak izateko zailtasunak egoten dira, askotan, nortasun nahasteengatik. Gu ere formatu gara, eta Abilezi programa jarri dugu abian, gazteentzat eta euren familientzat.
Gazteak aipatzean, zein adin tartez ari gara?
Programa horretan, 18 eta 30 urte bitarteko gazteak daude, batez beste 21 urte inguru dituztenak. Batzuk gazteagoak ere badira. Harrigarria da hain gazteak izatea, baina jarrera aldaketa batekin, arazoari aurre egiteko gogoa dute. Talde terapiak asko laguntzen du; norberaren zailtasunak besteekin partekatzeak estigma eta autoestigma apurtzen laguntzen baitu. Motibagarria da, baina oso konplikatua, era berean.
«Emozioei buruz
naturaltasunez hitz egiteko
ohitura hartu behar dugu»
Bakardadea aipatu duzu… gazteen artean oso inportantea da integratuta sentitzea eta sozialki onartua egotea.
Bai, eta denok ez gaude patroi berarekin eginak. Batzuek erraztasun handiagoa dute harremanak izateko, beste batzuk, aldiz, inpultsiboagoak dira. Familia eta gertukoak inportanteak dira ereduak ikasteko. Haur bat harremanak izaten hasten denean, bere identitatea finkatzen du, zentzu guztietan.
Banakotasunak, gainera, garrantzi handia du: nola kudeatzen ditugun gure beldurrak, amorrua eta gertatzen zaizkigun egoerak. Aurre egin ala ekidin. Arazoak gainditu egin behar dira, eta gazteek presio handiagoa dute, gaur egun.
Donostian, kale egoeran dauden pertsonen kopuruak gora egin du, azken urteotan. Zenbateraino dago lotuta hori artatu gabeko buru nahasmenduekin?
Erabateko lotura du. Gipuzkoako Foru Aldundiko 2022ko ikerketa baten arabera, inklusio zerbitzuetan zeuden pertsonen %70ak buru osasun arazoak zituzten. Etxegabeen kasuan, ia %100ekoa da kopurua.
Buru osasuneko arazoak gizartearen alor guztietan agertzen dira: zahartzaroan, inklusioan, adingabeetan, adikzioetan, ikastetxeetan, lan eremuan… Donostian, egoera asko aldatu da, hasiera harekin konparatuta. Orain, Osakidetzak helduentzako hiru zentro ditu (Ondarretan, Egian eta Amaran) eta Bretxan haur eta nerabeentzako bat. Horrez gain, San Juan de Dios ospitaleak kudeatzen dituen baliabideak daude Errondon. Gipuzkoan, hori da publikoa duguna, beste guztia kudeaketa eredu pribatua da.
Eta pribatutasun horrek pisua edukitzea arazo bat da?
Politika ildo bat da, besterik gabe. Agifesen, etxebizitza eta zentroak kudeatzen ditugu. Egia da dena Donostian zentratuta dagoela, biztanleria gehien biltzen duen gunea delako. Foru aldundiak erdibideko baliabideetan inbertitu du, baina arrakala nagusia etxebizitzan dago. Buru osasuneko arazoak dituzten pertsonentzako egoitzak eta etxebizitzak falta dira.
Horrez gain, pertsonen arreta hobetu behar da, koordinazio hobea behar da, eta pazientea bere harreman esanguratsuekin batera tratatu behar da. Erakunde ezberdinen arteko burokrazia erraztu egin beharko litzateke, profesional erreferente bat ezarriz koordinazioa errazteko.
Askotan, antsietatea ez dator desoreka kimiko batetik, hilabete amaierara ezin iristetik edota lan prekaritatetik baizik. Psikologiari konponbidea eskatzen diogu, batzuetan, berez, politika sozialen erantzukizuna denean?
Buru osasuneko arazo bat edukitzeko probabilitatea zure posta kodearen araberakoa izaten da, hein handi batean. Faktore esanguratsu bat da; izan ere, baldintza sozioekonomikoek eta gertuko inguruneak eragin zuzena dute. Posta kode jakin batzuetan buru osasuneko arazo portzentajea txikiagoa da.
Aldi berean, eguneroko ondoezak ez genituzke beti patologiatzat hartu behar. Asko dira sare sozialetan «bizitza gogorra» dutela saltzen dutenak, ospea edo like-ak lortzeko helburuarekin. Emozioei buruz hitz egiteko ohitura hartu behar dugu, baina naturaltasunez. Gaur egungo presio soziala, irudiari eta kontsumoari dagokionez, askoz handiagoa da, eta Donostiaren moduko postaleko hiri batean, itxurari garrantzia ematen zaio. Herrixka batean, agian, ez hainbeste.
«Fisikoa denak definitzen ez zaituen moduan,
arazo emozional batek ere ez zaitu definitzen»
Generoan ere badago arrakala bat. Zergatik kontsumitzen dituzte emakumeek gizonek baino askoz ere psikofarmako gehiago?
Emakumeek beti jasan izan dute zama familiarra eta laborala. Gazteen artean, mentalitatea irekiagoa da sexualitate eta adierazpenari dagokionez, bizimoduak ere garatu dira. Baina oraindik ere, gizonezkoek zailtasun handiagoak dituzte emozioez hitz egiteko eta laguntza eskatzeko.
Horrek, ondorio larriak ditu: Euskadin bere buruaz beste egiten dutenen hamar pertsonetatik zazpi, gizonak dira. Isilean sufritzeak ez du esan nahi sufritzen ez denik.
Sare sozialak aholku psikologikoz, autodiagnostikoz eta coaching mezuz beteta daude.
Bai, badirudi orain denek dakitela psikologiaz, denak direla psikologoak. Lehen autolaguntza liburuekin gertatzen zenaren antzekoa da: esaldi motzak eta ustezko soluzio azkarrak ematen dituzte, eta pertsona are errudunago sentitzea lortzen dute, ez direlako erraz iristen soluzio horietara. Errekuperaziorako prozesuak denbora, espazioa eta laguntza eskatzen ditu, ez pantailak. Sareek ahotsa ematen dute, baina beren arriskuak ere badituzte.
Errekuperatzen dena pertsona bera da, ez bere diagnostikoa. Pertsonak bere bizi proiektua eraiki behar du, bere bizitza kudeatzeko lan egin, bere eskubideak ezagutu, bere identitatea, eta ahaldundu.
«Buru osasuneko arazo bat edukitzeko
probabilitatea posta kodearen
araberakoa izaten da»
Gero eta jende gehiagok erabiltzen du adimen artifiziala psikologo gisa… zer iritzi duzu fenomeno horretaz?
Jendeak terapiak ordaintzeko baliabiderik ez badu, adimen artifizialera jotzen du, noski. Orientazio bat eman dezake, baina nork maneiatzen du hori? Ez da fidagarria… Arazo fisiko baterako mediku batengana joaten garen moduan, arazo psikologikoekin buru osasuneko profesionalengana jo beharko genuke.
Desinformazio handia dago, sareetako mezu asko publizitatea besterik ez direlako. OMEren arabera, lau pertsonetatik batek buru osasuneko arazoren bat izango du bere bizitzan. Hori ikusita, logikoena gazteengan, eskoletan eta familietan baliabideak inbertitzea litzateke, autokritika eta egoerak kudeatzen irakasteko.
Emozioen kudeaketa eskolan irakatsi beharko ligukete.
Ikasgai bat izan beharko litzateke. Lehen kalean edo familian konpontzen ziren arazo asko, kontsultara eramaten dira orain. Erdibideko zerbait bilatu beharko litzateke.
Baliabide gehiago bai, baina presio eta espektatiba gehiago ere badauzkagu gure gain, gaur egun. Lehengo gurasoek frustrazioa jasateko gaitasun handiagoa zuten; gaur egungo hezkuntzan gehiegi babesten da, eta gazteek, kalera ateratzean, arazoekin egiten dute topo.
Familiek ere laguntza behar dute. Nork zaintzen du zaintzailea?
Zaintzaileak bere burua zaindu eta lehenetsi behar du, besteei lagundu ahal izateko. Horretarako arreta indibiduala eta taldekoa eskaintzen dugu Agifesen, baita gaixo dagoenarentzat ere.
Gurean, psikologoak, gizarte langileak eta Elkarrekiko Laguntzako Teknikariak ditugu. Azken hori, lehenengo aldiz profesionalizatu den figura bat da Espainiako Estatuan: buru osasuneko arazo bat gainditu duen pertsona bat da, pazienteekin harreman horizontalagoa eskaintzeko lan egiten duena.
Elkarrizketa hau irakurtzen ari den, eta, une honetan, inori ezer esan gabe, sufritzen ari den pertsona horri:
Eskatu laguntza; onartu beharra daukagu, batzuetan, bakarrik ezin dugula.



