Lan hitzarmen hobea lortu dute Avanza enpresako langileek, 26 greba egunen ondoren
Lurraldebuseko bi autobus, Avanza enpresaren kudeaketapean, artxiboko irudi batean.ELA 26 greba egun egin dituzte Avanza enpresako langileek, eta enpresaren zuzendaritzarekin lan hitzarmen berri bat adostea lortu dute, ELA sindikatuak jakinarazi duenez. Gogoratu behar da Avanza enpresak kudeatzen duela Gipuzkoa Bilborekin, Gasteizekin eta Loiuko aireportuarekin (Bizkaia) lotzen duen autobus publikoen sistema, baita Debagoieneko garraio zerbitzua ere. ELAk ez ezik, UGT, LAB eta Aurrera sindikatuek ere ordezkaritza dute Avanzako langile batzordean.
ELAk nabarmendu duenez, “Gipuzkoako Avanza Movilidad enpresako langileek hitzarmen kolektibo berria sinatzea onartu dute, plantillaren gehiengo zabalaren babesarekin”. “Horrela, sei urteko negoziazioari eta 26 greba egun barne hartu dituen mobilizazio prozesuari amaiera eman zaio”, gaineratu du sindikatuak.
Adostutako hitzarmenak dituen zenbait hobekuntza azaldu ditu sindikatuak: Urteko 1.592 orduko lanaldia, erretiro partzialerako errelebo kontratu mugagabeak, ez-aplikazioak ezabatzea, aldi baterako langileentzako lan poltsa sortzea, lanaldia 22 orduz murriztea eta soldatak igotzea.
“Hobekuntza hauek are balio handiagoa dute negoziazioaren bilakaera kontuan hartuta”, ELAren ustez: “Prozesu honetan, enpresak prekaritate egoerei eustea defendatu du, mutuek bajen kudeaketan esku hartzea proposatu du eta lortutako akordioak aldatzen saiatu da”. Hori dela eta, 26 greba egunen garrantzia nabarmendu du sindikatuak: “Erabakigarriak izan dira urteetan aurrera egin ez zuen negoziazioa desblokeatzeko eta, azkenean, hitzarmenak jasotzen dituen hobekuntzak lortzeko”.

