Nahi eta ezin
'La Bola Negra' filmeko fotograma bat. Filma: La Bola Negra
Zuzendaria: Javier Calvo eta Javier Ambrossi.
Urtea: 2026.
Herrialdea: Espainia.
Eferbeszentziak gain hartu gaitu, eta aurrekari behinenak oraindik gogoan ditugula –Barbenheimer fenomenoa, Alcarràs efektua eta, gurean, Handia eta Irati filmen inguruan piztu zen ikusmina–, badirudi berriz ere olatuak denok irentsi gaituela. Cannesko Zinema Jaialdian zuzendari onenak (ex-aequo, Paweł Pawlikowskirekin) izendatu duten Los Javis bikotearen (Javier Ambrossi eta Javier Calvo) La Bola Negra film handinahia zinema espainiarraren gutxiagotasun konplexuaren biktima da; maisulan bilakatu nahi dute kosta ahala kosta, baina estropezu egingo du.
Hiru istorio uztartzen ditu pelikulak, hiru garai, hiru gizon –Sebastian (Guitarricadelafuente), Rafael (Miguel Bernardeau) eta Alberto (Carlos Gonzalez)–. Aldarria bat eta bakarra da: norberak bere sexualitatea nahieran bizitzea, libre izatea. Federico Garcia Lorcaren bukatu gabeko azken obra ardatz, poeta granadarraren sexualitatea, figura, borroka gorestera tematuta dagoen erretorika errepikakorra darabil, mezua behin eta berriz errepikatuz, ageriko(egi) eginez, misterio, sorpresa eta suspense oro ukatuz. Interpretaziorako tarterik ez dago, zalantza egitekorik ere ez. Pertsonaia nagusiak gardenak dira, barne mundu ahul eta hutsalekoak; aipamen berezia merezi du, hori bai, Lola Dueñas aktoreak, bere interpretazioak ekarriko dizkio, ziur, merezitako aitortzak.
Bikote sortzaileari nabari zaio The Hours (Stephen Daldry, 2002) filmaren narratiba interkonektatua eguneratu nahi duela, baina ez da batere organikoa trama batetik bestera salto egiteko modua, momentua, erabakia; ausazkoa, nahasgarria, desordenatua da. Intentsitate emozionalak agintzen du, eta apustua bat dator, gainera, eszenaratze eszentrikoarekin. Bisualki ezin ederragoa dela aitortuko dizuet, baina edertasun horrek, ponposotasunetik gehiago du koherentziatik baino. Paolo Sorrentinori atxiki izan zaion neurrigabekeria estetikoaren zantzuak aurkituko ditugu La Bola Negra–n, baina italiarraren dispositibo filmikoak badu zentzu metalinguistiko argi bat; Ambrossi eta Calvorena itxurakerietan galtzen da. Inpaktu bisualak estimulu eta dopamina eragileak dira, unean uneko ke saltzaileak; Raul Refreeren soinu konposizio hiperboliko eta esperimentalak intentzioa izan bai, baina nekez ahokatzen da diskurtsoaren logikan.
Soinu banda aipatuta, espainiar zuzendarien pelikulak badu kutsu musikal bat, Xavier Dolanen zinemagintza histrioniko eta bideoklip zalearekin konektatzen duena. Bideoklip erako pasarteak filmatzen ez du parekorik, eta haren oihartzuna sumatuko dugu hemen. La llamada (2017) opera prima-n dagoeneko badago koreografietarako joera nabarmena, eta La Bola Negra–n, tarteka, ere bai. Los Javis bikote sortzailearen ñabardura estilistikoa dira sekuentzia koralak, eta gogoangarriak dira, bereziki, Marlene Dietrich damari ohore egingo dion Penelope Cruzen agerpen estelarra, Guitarricadelafuente beraren abestia edota sentiberatasunez dantzatutako interbentzio flamenko dramatikoa. Tamalez, pieza isolatu gisa soilik funtzionatzen dute pasarte hauek, eta ondorioz, erdibidean geldituko dira pastiche postmoderno honen baitan.
Faktura tekniko izugarria dauka filmak, eta asmo onez egina dago. Erakarri(ko) ditu milaka ikus-entzule, eta zinez pozgarria da aretoak lepo beteta ikustea. Alabaina, beroaldia pasatzean, ikusteke dago zein arrasto (filmiko, kultural zein sozial) utziko duen.

