Parte Zaharreko osasun zentroaren ondoko lanetan produktu toxiko bat erabili dela salatu dute
Parte Zaharreko osasun zentroaren sarrera.Inaxio Esnaola Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak, DOPA Osasun Publikoaren Defentsarako Plataformak eta Alde Zaharreko Osasun Zentroko Langileen Kolektiboak salatu dute Parte Zaharreko osasun zentroaren ondoko eraikinean egiten ari diren lanetan produktu toxiko bat erabili dutela eta gertatutakoaren ikerketa “sakon eta independentea” eskatu dute.
Kolektibo denek sinatu duten dokumentuan salatu dute gertatutakoaren aurrean jaso zuten erantzuna bereziki larria izan zela: “Lehenengo ukatu egin zuten, gero minimizatu, eta, azkenik, produktu toxiko bat erabili zutela onartu zuten”.
Horregatik eskatu dute produktu toxikoaren erabilera nork baimendu zuen jakitera ematea, zer prebentzio neurri hartu ziren, nork gainbegiratu zituen lanak eta zer jarduketa egin ziren lehen eragozpenak agertzen hasi zirenean. Taldeek gaineratu dute ezin dela lan bat egin osasun zentro baten ondoan, “pazienterik eta langilerik ez balego bezala”.
Bestetik, Osalanek gertatutakoa ikuska eta iker dezala eskatu dute baita ere, eta, hala badagokio, dagozkion erantzukizunak ezar ditzala eta “premiazko bilera” bat egitea ere eskatu dute Osakidetza, Osakidetzako Lan Osasuna, Osalan, Donostiako Udala eta Obren Zuzendaritzarekin. Bileraren helburuak gertatutakoaren inguruko azalpenak jasotzea, hartutako neurriak ezagutzea eta “zentroaren gabeziak konpontzeko egutegi zehatz bat” ezartzea dira.
Halaber, egungo eraikinak dituen baldintzek funtzionamendu egokia bermatzen ez badute, zentroa birkokatzea ere eskatu dute kolektiboek.

