Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak azaroaren 11ko greba orokorrarekin bat egin du
Gipuzkoako Pentsiodunen Mugimenduak Bulebarreko kioskoan egindako agerraldia.Irutxuloko Hitza Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak sindikatuek azaroaren 11rako deitutako etxebizitzaren aldeko greba orokorrari atxikimendua adierazi dio. Horrez gain, urrian eta azaroan zehar pentsio, soldata eta bizitza duinen alde egingo dituzten jarduera eta aldarrikapenen egutegia zehaztu dute.
Mugimenduak adierazi duenez, “aberastasuna modu parekatuan banatzea, eskubide sozial eta laboralak bermatzea eta pentsio, soldata zein etxebizitza duinak izatea helburu duten borroka guztiak” babesten dituzte. Hori dela eta, helburu horiek lortzeko indarrak batuko dituztela berretsi dute, azaroaren 11ko greban “modu aktiboan” parte hartuz, etxebizitzarako eskubidea eta soldata duinak exijitzeko.
Aldarrikapen argiak
Greba orokorraz eta duela zortzi urte baino gehiagotik astelehenero egiten dituzten elkarretaratzeez gain, pentsiodunek agenda betea izango dute datozen asteotan. Bihar, hilak 14, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide, Berdintasun eta Justizia Batzordean izango dira. Bertan, 140.000 sinadura baino gehiagok babestutako Legegintzako Herri Ekimenari (LHE) EAJk, PSEk eta Voxek ezarritako betoa ulertzen ez dutela salatuko dute. Eztabaida hori eman dadin eta eskatzen duten diru sarreren osagarria onartu dadin ekimen berriak aurkeztuko dituzte egoitza horretan.
Espainiako Estatu mailan ere mobilizatuko dira. Hilaren 24an Madrilen manifestatuko dira, beste pentsiodunen plataforma batzuekin batera. Helburua bikoitza izango da: batetik, “gobernu berri baten etorrerarekin oinarrizko eskubide sozial eta demokratikoetan inboluzioa izateko eta pentsioen murrizketetara itzultzeko arriskua” salatzea; eta bestetik, egungo gobernuari pentsioen erosteko ahalmena bermatzea eta gutxieneko pentsioa Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatzea eskatzea.
Horrekin lotuta, pentsiodunek ohartarazi dute hilaren 27an beteko dela hiru hileko epea Felix Bolaños, Arcadi España eta Elma Saiz ministroek euren eskaerei erantzun diezaieten. Eskaera horien ardatzak dira urte amaierako ordainsari konpentsatzailea berreskuratzea eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra aldatzea, gutxieneko pentsioa LGSrekin parekatzeko.
Azkenik, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako pentsiodun guztiei dei berariazkoa egin diete azaroaren 29rako mobilizatzeko eta bozkatzeko.

