Frantzia pasealekua berrituko dute 'Lorategi distiratsua' proiektuarekin
Frantzia pasealekua.Inaxio Esnaola Donostiako Udala Frantzia pasealekuko lorategiak berritzen hasiko da hilabete bukaeran. Parke eta Lorategien atalak Lorategi distiratsua proiektua aurrera eramango du, “Urumea ibaiaren alegoria botanikoa”. Hau da, landareak ez dira “apaingarri hutsak” izango, “mugitzen ari den uraren eta haren distiraren abstrakzio bat baizik”.
Azaldu dutenez, lorategiek hainbat egoera izango dituzte urtaroaren arabera. Udaberrian, “leherketa kromatikoko uneak” egongo dira, sasoiko 7.700 landare eta 4.564 erraboil landare loratuko direlako. Beste une batzuk, berriz, lasaiagoak izango direla esan dute, lore gutxiago egongo baitira eta landareek tonalitate ahulagoak eta lehorragoak izango baitituzte. Hala ere, urte osoan, lorategiek beren “kohesioari eta izaerari” eutsiko diote. Adimen artifizialarekin egindako irudi baten bidez erakutsi dute Lorategi distiratsua proiektua.
“Esku hartze integral bat egin nahi dugu, punta-puntakoa. Frantzia pasealeku osoari irudi bateratua eta berritua emango diogu. Landaketa askoz ere naturalagoa izango da, eta hainbat espezie, altuera eta testura izango ditu. Urtean zehar eboluzionatzen eta aldatzen joango da”, nabarmendu du Iñigo Garcia Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotziak.


