Garbi Losada antzerki zuzendari eta aktorea zendu da
Garbi Losada, Viktoria Eugenia Antzokian.Ados Teatroa Euskal antzerkiaren azken hamarkadetako ekintzaile garrantzitsuenetako bat zendu da: Garbi Losada (1959-2026). Antzerki zuzendari eta aktorea 67 urterekin hil da, gaixotasun baten ondorioz. Getxon jaio zen arren, Donostian garatu zuen bere ibilbide profesionalaren zatirik handiena.
Zorroagan ikasketak egiten ari zela barneratu zen antzerkigintzan. Aktore gisa lan batzuk egin zituen arren, Hernaniko antzerki tailerrean gazteekin zuzendari lanak egiten hasi zen. Azkenik, Ttanttaka konpainiak eman zion 1991n lehen antzezlana profesionalki zuzentzeko ardura: Hansel eta Grettel bezala. Bestalde, Ados Teatroa konpainia sortu zuen 1994an, Jose Antonio Vitoria kudeatzaile eta ekoizlearekin.
Telebistan eta zineman aritu bazen ere, antzerkigintzan egin zuen bidea. Euskal antzerkiaren Ganbila datu baseak haren 99 parte hartze eta 41 obra jasotzen ditu. Bestalde, hemeretzi antzerki sari jaso ditu bere obrekin. Esaterako, Max saria bi aldiz eskuratu zuen, eta Donostia Antzerki Saria hiru aldiz.

