Ordenagailu kuantikoak urtebete egin du Ibaetan
IBM Quantum System Two ordenagailu kuantikoa. Urtebete pasa da Donostiako Ikerbasquen eraikinean (Ibaeta) IBM Quantum System Two ordenagailu kuantiko martxan jarri zutenetik. Orduztik 64 proiektu garatu dira ordenagailuaren laguntzaz, 444 ikertzailek erabili dute, %50eko betaz besteko erabilera izan du eta “% 80ko gailurrak ere izan ditu” Juan Ignacio Perez Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuaren hitzetan.
Munduko superordenagailu kuantiko indartsuenetako bat da eta Ibaetan dago. Oraindik ere horrelako ordenagailuak gutxi daude munduan, hiru zehazki: Estatu Batuetan, Japonian eta Ibaetan.
Ordenagailua martxan jarri eta ia urtebetera hasi dira enpresa batzuk harekin lanean, “konputazio kuantikoak beren jarduera-eremuetan eskaintzen dituen aukerak aztertzeko” Perezek azaldu duenez. Uztailean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak ordenagailu kuantikora enpresak eta administrazio publikoak sartzeko prozedura arautzen duen protokola; deialdia ireki zuen, hamaika proposamen jaso eta aztertu ondoren, horietatik zortzi onartu ditu: Global Data Quantum, LKS Next, Multiverse Computing, Akshar Innovation, Iberdrola, Amadeus, Moeve eta Gertek. Hala ere, sarbide prozedura irekita jarraitzen du eskaera berriak aurkezteko.
BasQ (Basque Quantum) estrategiaren barruan kokatzen da ordenagailu kuantiko honen jarduera, eta haren beste alorretako bat profesionalen prestakuntza da, Road to Practitioner programa zehazki: “Programa horren bidez, 178 lagun prestatu dira; horietatik 121ek azken urtean jaso dute prestakuntza”, ziurtatu du Perezek.

