150 hizlari elkartuko ditu Donostian Joxe Azurmendiren pentsamenduari buruzko kongresuak
Joxe Azurmendi ardatz duen kongresua aurkeztu du Jakinek.Jakin Joxe Azurmendi filosofoaren pentsamendua eta euskal pentsamenduaren egungo erronkak ardatz hartuta, 150 hizlaritik gora bilduko ditu Donostian Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia II kongresuak, abenduaren 16tik 18ra. jak Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Joxe Azurmendi Katedrak antolatu dute topaketa, eta EHUko Carlos Santamaria Zentroan egingo da. 2019ko lehen edizioari jarraipena emango dion ekimenak akademiako, kulturgintzako eta herrigintzako eragileak elkartuko ditu, euskal pentsamenduari buruzko gogoeta sustatzeko.
Hiru egunetan, 40 saio inguru egingo dituzte bost aretotan, askotariko gaiak eta formatuak uztartuz. Besteak beste, Eneko Agirre, Xabier Barandiaran, Itxaro Borda, Jule Goikoetxea, Roldan Jimeno eta Iratxe Retolaza izango dira parte-hartzaileen artean. Adimen artifiziala, historia, nazioa, literatura, hezkuntza, soziolinguistika, kooperatibismoa, maitasuna eta trantsizio ekosoziala izango dituzte hizpide, besteak beste. Hitzaldi indibidualez gain, 20 sinposio inguru antolatu dituzte, hainbat adituren arteko elkarrizketa eta hausnarketa partekatua sustatzeko. Azurmendiren Teknikaren meditazioa, Gure klasizismo txikia eta Oraingo gazte eroak lanek ere izango dute tokia egitarauan.
Kongresuak, gainera, izaera berezia izango du irekieran eta itxieran. Abenduaren 16an, Easo Abesbatzaren emanaldi bereziak emango dio hasiera topaketari, ongietorri instituzionalaren eta antolatzaileen hitzen ondoren. Azken egunean, berriz, Ainhoa Olasok, Usue Egiak eta Mikel Urdangarinek Joxe Azurmendi eta Angela Davis. Esperantza zoro batez komikian oinarritutako aurkezpen saioa egingo dute, Miren Narbaiza musikariarekin batera. Proiektuak 2025eko Durangoko Azokako Sormen Beka irabazi zuen, eta liburua abenduan argitaratzea aurreikusi dute.
Izen ematea zabalik
Izen ematea zabalik dago, UEUren webgunearen bidez, abenduaren 15era arte edo edukiera bete arte. Kongresua UEUren eta Agora Filosofia Elkartearen laguntzarekin antolatu dute, eta Laboral Kutxaren, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesa du. Antolatzaileen arabera, topaketak euskaraz eta Euskal Herritik lan egiten duten eragile akademiko, kultural eta sozialak elkartzeko aukera emango du, pentsamendu kritikoa eta Euskal Herriarekiko konpromisoa oinarri hartuta.

