«Gehiago eta hobeto bizitzeko» foroan 1.200 profesional elkartu ditu Adinberrik
Adinberriren foroa.Adinberri 1.200 profesional baino gehiago eta 40 erakunde erakusketari baino gehiago bildu ditu asteazken eta ostegun honetan Adinberri Longevity Forumak, Kursaalean. Adinberri Fundazioak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako topaketaren ardatza “bizi itxaropenaren hazkundea” da, eta bizitza urte gehiago “osasun, autonomia eta ongizate baldintzetan bizitzeko erronkei” buruzko eztabaida sustatzea du helburu. Nazioarteko kongresua eta iraupen luzeko bizitzarekin lotutako proiektu, produktu eta zerbitzuen azoka uztartzen ditu ekitaldiak, duela hiru urte egindako lehen topaketari jarraipena emanez.
Foru Aldundiak zabaldutako datuen arabera, Gipuzkoako bizi itxaropena 85 urtekoa da, eta zilarrezko ekonomia deiturikoa, biztanleria gero eta zaharragoaren beharrei eta jarduerei lotutako sektoreak, lurraldeko barne produktu gordinaren % 5,5 baino gehiago hartzen du, 31.000 lanpostu baino gehiago sortzeaz gain. Aldundiak bederatzi urte baino gehiago daramatza arlo horretan lanean, Adinberri ekimenaren bidez. Denbora horretan, enpresen, zentro teknologikoen, erakundeen, gizarte eragileen, unibertsitateen eta adinekoen artean 700 eragile baino gehiagoko lankidetza sarea osatu du.
Kongresuaren lehen jardunaldia zientziari, teknologiari eta prebentzioari eskaini diote: Andrew Steele zientzialari eta idazle britainiarrak eman dio hasiera egitarauari, eta Leocadio Rodriguez Mañas Madrilgo Osasun Zerbitzuko adituak hauskortasunaren prebentzioa aztertu du. Maite Peña Zainketetako eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Maite Martinez Donostialdeko ESIko zuzendari gerenteak, berriz, Euskadiko prebentzio eredu berriei buruz hitz egin dute.
Osteguneko saioak aukera ekonomikoetan eta ongizate eredu berrietan jarriko du arreta. Gurutz Linazasoro neurologoa eta VIVEbiotech enpresaren sortzailea Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiarekin arituko da zientziari eta ongizate integralari buruzko solasaldian. Iñaki Gabilondo kazetariak eta Javier Garcia Cogorro Columbus Venture Partners enpresako sortzaileak, berriz, gero eta urte gehiago bizi dituen gizarte bati eusteko erronkak aztertuko dituzte.
Herritarrentzako egitarauaren barruan, Emilio Duro enpresaburu eta aholkulariak Vivir más y mejor: experiencias y claves para una vida plena izeneko hitzaldia emango du. Etorkizunaren plangintzari, zahartze aktiboari, elikadurari, ariketa fisikoari, harreman sozialei eta ongizate kognitiboari buruzko saioak ere antolatu dituzte. Era berean, Iñaxi Lasari omenaldia egingo diote: 101 urte ditu, eta zahartze aktiboaren adibidetzat hartuko dute, ariketa fisikoa eguneroko bizitzan mantentzeagatik. Antolatzaileen arabera, foroak zientzia, berrikuntza, prebentzioa eta ekintzailetza elkartzen ditu, bizi-luzeraren inguruko erronkei eta aukerei erantzuteko.

