Realak zentzuz jokatu beharko du Europan irauteko
Txuri-urdinak Belgikako Union Saint-Gilloiseren aurka ariko dira, Europa ligako ligaxkako bigarren jardunaldian (18:45).
Realaren eta Bornemouthen arteko Europa ligako partida, Anoetan.Reala Kaosa, eroetxea, erruleta… omen da Pellegrino Matarazzoren Reala. Haren kontrakoen eta aldekoen arteko distantzia ari den bitartean, klubak entrenatzailearen aldeko apustua berretsi du. Ligan etxeko lanak sufrituta bete ostean, Europa ligan ere irabaztea komeni zaio talde txuri-urdinari. Etxetik kanpo ariko dira gaur Belgikako Union Saint-Gilloiseren kontra, ligaxkako bigarren jardunaldian (18:45). Lovainako Den Dreef zelaian jokatuko dute, belgikarren estadio propioak UEFAren araudia betetzen ez duelako.
Garaipena lortzea da zentzuzkoena, bestela Realari nabarmen zailduko zaio Europako bidaia. Horretarako, zentzuz jokatu beharko dute txuri-urdinek, batez ere, arerio gogor bat izango dutelako aurrez aurre. Txapeldunen Ligako ataria gainditu ez bazuten ere, lehen jardunaldian aise menderatu zuten Victoria Plzen (0-3). Gainera, Belgikako ligan ez dute partidarik galdu —sei irabazi eta bi berdindu dituzte—. Beraz, bolada onean dira belgikarrak.
Txuri-urdinek, berriz, Europa ligako lehen jardunaldian huts egin zuten, Bournemothen aurka Anoetan galduta (1-2). Horregatik, garrantzitsua da gaurkoa irabaztea, ligaxkako sailkapeneko zortzi onenen artean kokatzeko ezinbestekoa delako. Matarazzok eskura izango dituen jokalariei dagokienez, deialdian sartu ditu Oskarsson eta Marchal gaztea. Aldiz, kanpoan utzi ditu Beitia eta Carrera.
Dena dela, hamaikako lehiakorra osatzeko aukera izango du entrenatzaileak. Baliteke Marrero aritzea atean, eta eskuin hegalean ikusteko dago zein jartzen duen: Zubeldia, Fort edo Marin —ligako azken partidan gertatu moduan—. Atzeko lerroa Jon Martinek, Sarrek edo Zubeldiak —eskuinean jokatzen ez badu— eta Sergio Gomezek osatu dezakete. Erdiko lerroan, berriz, baliteke Gorrotxategi hamaikakora bueltatzea. Azkenik, erasorako, baliteke Oiartzabal kapitainak hasieratik jokatzea, eta alboetan Guedes eta Ochieng izatea.

