Donostialdeko EAGetako txanden heren bat medikurik gabe geratzen dela salatu dute langileek
DOPA plataformak eta Etengabeko Arreta Guneetako langileek plantilla osoa urteko 365 egunetan bermatzea eskatu dute, pazienteen segurtasuna eta osasun arretaren kalitatea arriskuan daudela ohartarazita.
DOPAk eta Osakidetzako EAGetako langileek egindako agerraldia. Xalba Ramirez Donostialdeko Osasungintza Publikoaren Aldeko Herri Plataformak (DOPA) eta Donostialdeko Etengabeko Arreta Guneetako (EAG) langileek medikurik gabeko txandak ugaritzen ari direla salatu dute. Azaldu dutenez, hiru urte daramatzate egoera hori pairatzen, eta 2024ko eta 2025eko udan bildutako datuen arabera, hiru txandatik bat medikurik gabe geratzen da. Aurtengo datuak, ordea, oraindik ez dituzte eskuratu.
Langileen arabera, egoera horrek eragina du bai langileen lan osasunean, bai pazienteei eskaintzen zaien arretaren kalitatean. Halaber, segurtasun juridikorik eza eta kezka handia eragiten dizkie. Medikurik ez dagoenean, erizainek eta zeladoreek pazienteen osasun arazoei erantzun behar izaten diete, eta egoera estresagarriei aurre egin, mediku batek kasuak baloratu ahal izan ditzan.
“Larritasuna, ezinegona eta beldurra”
Langileek adierazi dutenez, arazoa ez da EAGetara mugatzen: koordinazio zentroan ere murrizketak gertatzen direla diote, eta zenbaitetan han ere ez dagoela medikurik. Horren ondorioz, EAG batean medikurik ez dagoenean, langileek koordinazio zentrora jotzen dute laguntza eske, baina han ere profesional hori falta izan daitekeela ohartarazi dute.
“Larritasuna, ezinegon handia eta beldurra” dira langileek egoera deskribatzeko erabilitako hitzak. Haien ustez, baliabide faltak asistentziaren kalitatea murrizten du eta pazienteen segurtasuna arriskuan jar dezake. Gainera, erabiltzaileak Osakidetzako zentro batera joaten direnean ez dutela beti informaziorik jasotzen medikurik ez dagoelako, salatu dute.
Neurriak eskatu dituzte, baina egoerak bere horretan jarraitzen duela diote
DOPA plataformak eta langileek adierazi dute hainbat bilera egin dituztela Donostialdeko Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) arduradunekin arazoari irtenbidea emateko. Langileek, gainera, bi aldiz aurkeztu dituzte idazkiak Lan Osasuneko Zerbitzuan, egoeraren berri emateko eta neurriak hartzeko eskatzeko.
Hala ere, haien esanetan, egungo egoerak ez du hobera egin, eta berdin edo okerrago jarraitzen du. Arduradunen erantzuna “autokonplazentzia hutsa” izan dela kritikatu dute.
Mobilizazioaren sustatzaileek eskakizun argia egin dute: Osakidetzako zentro guztiak irekita dauden egun guztietan, lan talde osoa bermatzea. Haien hitzetan, ez dute ulertzen zergatik bermatu behar den plantilla osatua greba egunetan, baina ez gainerako egunetan.
“Lan talde osatua 365 egunean” da, beraz, haien aldarrikapen nagusia. Horrez gain, Osakidetza publikoa indartzeko eskatu dute, bereziki lehen mailako arreta eta osasunaren sustapena sendotuz. Horretarako, langile gehiago kontratatzea, lanpostu hutsak betetzea, plantillak egonkortzea eta baliabide diagnostiko zein terapeutikoak handitzea proposatu dute.
DOPAk, azkenik, “osasunaren pribatizazio prozesua” geldiarazteko eskatu du, eta osasun zerbitzuen finantzaketan eta kudeaketan “gardentasuna” aldarrikatu du. Plataformaren helburua osasungintza publikoa, unibertsala eta euskalduna defendatzea da.

