Hirugarren partida jarraian irabazi nahi du Realak
Txuri Urdineko mutilek, Askatuak Gipuzkoa Basket eta Ibaeta Basket taldeek eta Realeko futbol taldeko neskek etxean jokatuko dute —mutilek, berriz, kanpoan—.
Realeko neskak Sofia Keenanen gol bat ospatzen, Zubietan.Reala Realaren belar hockey taldea bolada onean da azken bi partidak irabazi ostean. Liga ez zuten espero moduan hasi, aurreneko bi partidak galduta, baina nabarmen egin zuten hobera hurrengo bi jardunaldietan. Sofia Keenan jokalariaren fitxaketak kalitatea eta gola eman dio taldeari. Berak egin zituen Taburiente menderatzeko bi golak. Etzi, hirugarren neurketa jarraian irabazteko aukera dute txuri-urdinek. Horretarako, Atletic Terrasa gainditu beharko dute Zubietan, ligako hirugarren sailkatua. Reala, berriz, zazpigarren tokian dago.
Izotz hockeyan, soilik Txuri Urdineko mutilek jokatuko dute asteburuan. Zehazki, Anoetako izotz pistan ariko dira Tartalo gasteiztarren aurka bihar, 21:00etan. Jacaren kontrako porrota ahazteko, garaipena eskuratzea ezinbestekoa izango da.
Saskibaloian, Askatuak Gipuzkoa Basketek Gaskan jokatuko du gaur iluntzean Mallorcaren kontra (20:00). Taldea erritmo lehiakorra hartu nahian dabil, baina emaitzek momentuz ez diote askorik laguntzen. Beraz, etxeko partida irabazteak lagun diezaioke Sergio Garciaren taldeari gora begira jartzen. Bestalde, Ibaeta Basketek bolada bikainari jarraipena emateko aukera izango du bihar, Gaska kiroldegian. Azu Muguruzaren taldeak ere Mallorca hartuko du etxean, eta lautik lau irabazteko aukera izan dezakete. Zehazki, lehen hiru jardunalditan irabazita, sailkapen nagusiko bigarren postuan daude donostiarrak.
Futbolean, Realeko neskak lehiara bueltatuko dira, eta ligako arerio zailenaren bisitan izango dute, Zubietan. Txuri-urdinek Bartzelonaren kontra jokatuko dute etzi, eta ezustekoa ematen ahaleginduko dira. Aldiz, Realeko mutilek Europa ligako berdinketa grisa albo batera utzi beharko dute ligan beste hiru puntu lortzeko. Horretarako, Malaga menderatu beharko dute etzi (18:30).
PARTIDAK
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 5. jardunaldia
- Reala – Atletic Terrassa (etzi, igandea, 12:00)
Izotz hockeya
Gizonezkoen lehen maila, 5. jardunaldia
- Txuri Urdin – Tartalo (bihar, larunbata, 21:00)
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 4. jardunaldia
- Askatuak Gipuzkoa Basket – Mallorca (gaur, ostirala, 20:00)
Emakumezkoen lehen maila, 4. jardunaldia
- Ibaeta Basket – Mallorca (bihar, larunbata, 18:30)
Futbola
Emakumezkoen lehen maila, 7. jardunaldia
- Reala – Bartzelona (etzi, igandea, 12:00)
Gizonezkoen lehen maila, 9. jardunaldia
- Malaga – Reala (etzi, igandea, 18:30)

