«Los Angelesko Olinpiar Jokoetara iristea da nire benetako helburua»
Abuztuan, urrezko domina irabazi zuen Koxme Burutaranek (Loiola, 2001), Kanadan jokaturiko Munduko Unibertsitateko Arraun Txapelketan. Azkarrena izan zen gizonezkoen skiff modalitateko A finalean. Lorpenak arraunean jarraitzeko konfiantza eman dio.
Koxme Burutaran Urumea ibaiaren alboan, Txomiñenean.Inaxio Esnaola Nazioarteko lehen garaipena, eta orain arteko garrantzitsuena, London hirian (Ontario, Kanada) eskuratu zenuen. Nolakoa izan zen estropada?
Egia esan, oso polita. Estropada eremua asko gustatzen zitzaidan, eta hasieratik sentsazio onekin atera nintzen. Erdibidean, alemaniarrari begiratu nion, bera zelako aurkari arriskutsuena, eta irabaziko nuela ikusi nuen. Azken zatian, asko gozatu nuen.
Halere, urrezko domina irabaztea espero zenuen?
Argi nuen domina lor nezakeela eta urrezkoa eskuratzeko aukera nuela. Izan ere, kanporaketetan ikusi nuen maila onean nenbilela eta dominen lehian egongo nintzela.
Zenbaterainoko garrantzia du irabazitako urreak?
Niretzako sekulako balioa du, egindako lanaren saria delako. Nazioarte mailako nire emaitzarik onena da. Dena dela, orokorrean hartuta, irabazitako urrea ez da garrantzitsua.
Oihartzuna izan du lorpenak?
Ez. Pertsonalki ez nau arduratzen horrek, pena eman arren. Irabaztearekin eta helburua betetzearekin konformatzen naizen arren, tristea da urre bat irabazteak oihartzunik ez izatea.
Aulki mugikorrak ez du ikusgarritasunik hedabideetan. Dena dela, ba al duzu erakundeen babesik?
Ezta ere. Nire kabuz ari naiz. Urtero diru asko gastatzen ari gara materialean, bidaietan eta beste. Izan ere, nire modalitatea garestia da, eta horri aurre egiteko ez dut sekula erakunde publikoen bekarik eta laguntzarik jaso. Kirolgi fundazioak zertxobait ematen dit, baina ez asko.
Aulki mugikorreko arrauna ezagutzen ez duenari, nola azalduko zenioke zer den skiff modalitatea?
Tira, saiatuko naiz. Trainerua edo aulki finkoa erreferentzia gisa hartzen badugu, arraun bakarrarekin aritzen dira arraunean arraunlariak. Skiff modalitatean, berriz, bi arraun erabiltzen ditu arraunlariak. Horrekin batera, aulki mugikorra denez, aurrera eta atzera mugitu behar da gorputza trakzioa egiteko, eta ibaian aurrera egiteko. Hau da, besoak ez ezik, hankak ere erabiltzen dira indarra egiteko.
Kanadako dominaz aparte, aurten zein beste lorpen nabarmenduko zenituzke?
Munduko Kopako bi parte hartzeak aipatuko ditut, mundu mailako onenekin aritu nintzelako. Emaitzak ez ziren onenak izan, baina estropada serioak eta garrantzitsuak izan ziren niretzat. Izan ere, Olinpiar Jokoetan dominak irabazitakoekin parez pare aritu nintzen. Bestalde, oso gutxigatik ez nuen irabazi Espainiako skiff txapelketa. Olinpiar Jokoetan maila onean aritutako uruguaitar batek gainditu ninduen. Horrela ere, oso gustura geratu nintzen jokaturiko finalarekin.
Ur Kirolak-en hasi zinen arraunean. Ordea, zergatik aukeratu zenuen aulki mugikorra?
Uda batean, Ur Kirolak-en arraun ikastaro bat egin nuen, eta derrigorrezkoa zen aulki mugikorra probatzea. Egia esan, gustatu zitzaidan. Gerora, ikasturtea hastear zela, gurasoek esan zidaten eskubaloiarekin batera beste kirol bat egin behar nuela. Bi aukera eman zizkidaten: igeriketa edo arrauna. Nire gurasoek diote arrauna aukeratu nuela hitz egin nezakeelako. Ironiko samarra da, kirol nahiko indibiduala delako [barrez].
Berehala erakutsi zenuen ondo moldatzen zinela aulki mugikorrean, hasi orduko emaitza onak lortu zenituelako.
Haurra nintzen hasi nintzenean, bai, eta lehen urtean bertan irabazi nuen haur mailako skiff modalitateko Espainiako txapelketa. Gerora, emaitza onak lortu nituen haurren kategorian eta kadete mailan. Ordutik aurrera, skiff-ean ez ezik, scull bikoitzean eta lau scull-ean ere lehiatzen aritu naiz.
Ur Kirolak utzi eta Getxoko Raspas arraun elkartean aritu zinen. Gaur egun, ordea, Orio Arraunketa Elkartean zabiltza. Han topatu duzu arraunlari gisa hazten jarraitzeko lekua?
Gustura nabil, bai. Jon Salsamendi arraunlari ohi eta entrenatzaileak gonbidatuta joan nintzen Oriora. Berak babesa eskaini zidan, eta asko eskertu nion. Han geratu nintzen eman zidan konfiantzarengatik. Egia esan, Oriok aulki mugikorrerako baldintza hobeak ditu. Ibaia zabalagoa da eta ur gehiago dauka. Skiff modalitatea praktikatzeko askoz ere aproposagoa da.
Orion nengoela, duela hiru bat urte, Sevillara bizitzera joan nintzen, Espainiako selekzioarekin aritzeko. Nire apustu pertsonala izan zen, ikasketak eten nituelako. Urte eta erdi pasatu nuen han. Nire helburua Olinpiar Jokoetara joatea zen, lau scull modalitatean, baina aukeraketan gertatu ziren gauza arraro batzuengatik, laukotik kanpo utzi ninduten. Hori dela eta, etxera bueltatu, eta Orion jarraitu nuen entrenatzen.
Aulki mugikorrean soilik lehiatzen duzu. Ordea, Orioren traineruan aritzeko proposamenik egin al dizute?
Bai, noski. Salsamendik aipatu zidan aukera izan nezakeela, baina, gutxira, Sevillara joan nintzen. Aldiz, pasa den denboraldian, Iker Zabala entrenatzailearekin hitz egiten aritu nintzen, trainerua probatzeko. Bi jaitsiera egin nituen Orioren bigarren taldearekin. Dena dela, emaitza onak lortu nituen aulki mugikorrean, eta trainerua baztertzea erabaki nuen.
Epe laburrera begira, zein asmo dituzu?
Espainiako Arraun Federazioak antolatutako proba olinpikoetan mailarik onena eman nahi dut. Datorren urteko martxoa inguruan izango dira, eta soilik skiff modalitatean ariko naiz. Selekzioan lekua egitea dut helburu. Batez ere, 2028ko Los Angelesko Olinpiar Jokoetara iristea delako nire benetako helburua.


