Realak lehen puntu grisa lortu du Europan, askorako balio ez diona
Garaipena gertu izan arren, Europa ligako bigarren jardunaldian txuri-urdinek berdindu egin dute Union Saint-Gilloiseren kontra (1-1).
Realaren eta Union Saint-Gilloiseren arteko neurketa, Lovainan.Reala Zortzi onenen artean egoteko helburua zaildu zaio Realari, irabazteak balio duelako Europa ligan. Txuri-urdinek garaipena eskura izan zuten atzo Lovainan (Belgika), ligaxkako bigarren jardunaldian. Union Saint-Gilloise arerioa mendean hartzear izan ziren, haien akatsak baliatuta, baina belgikarrek ere Realaren gabeziak aprobetxatu zituzten. Horiek horrela, berdinketarekin bukatu zen lehia (1-1), eta puntu grisa lortu zuten bi taldeek.
Esperotako hamaikakoarekin zelairatu ziren txuri-urdinak. Pellegrino Matarazzok Marrero jarri zuen atean, Zubeldia eskuin hegalean, Gorrotxategi erdian eta Oiartzabal kapitaina aurrean. Aldaketak aldaketa, Realak lehen zati petrala jokatu zuen. Etxekoek neurketa kontrolpean izan zuten, eta markagailuan aurreratzeko aukeraren bat ere izan zuten.
Bigarren zatian, berriz, txuri-urdinen jokoan nabarmen egin zuen hobera, eta hasi orduko, Turrientesek belgikarren akatsa baliatu zuen gola egiteko. Defentsa eta atezaina ez ziren elkar ondo ulertu, eta gipuzkoarrak abagunea aprobetxatu zuen. Bigarren golaren bila ibili zen taldea, baina azken metroetan ez ziren fin ibili. Aldiz, Union Saint-Gilloisek berdintzea lortu zuen, Zubeldiak gaizki urrundutako balio bat sarera bidalita. Luzapenaren atarian izan zen. Horrela ere, Reala saiatu zen garaipena eskuratzen, eta azken jokaldian, etxekoak beste opari bat egiteko zorian izan ziren, baloia haien atean sartzear izan zirelako. Ordea, ateko marratik atera zuten baloia.
Seitik puntu bakarra batuta, jokatu beharreko partidetan asmatu beharko dute txuri-urdinek Europa ligan jarraitzeko.

