San Sebastian: martiri homoerotikoa
Donostia bat bakarra munduan eta Sebastian bat zeruan. Hori dio kantuak, baina munduan badira santuaren interpretazio ugari. Horietako bat bogan dago, 'La bola negra' filmaren harira: martiri homoerotikoa.
Ia guztion ahotan dagoen La bola negra filmaren hasieran, bada eszena bat epikoa. Sebastian gaztea –Guitarricadelafuente– San Sebastianen eskultura bateko gezietan eskalatzen ageri da. Lerroartean irakurtzen duenak badaki, santu hori ez dagoela oharkabean hor. Bai Lorcarentzat, baita XX. mendeko artista askorentzat ere, ikono homoerotikoa izan zen.
Milango Sebastian K.o. III.mendeko soldadu erromatarra izan zen. Kristaua zelako, heriotza zigorrera kondenatu zuten, hainbat geziz josirik bere gorputza. Ordea, gure Sebastian –betiere, historiaren eta mitoaren artean–, bizirik atera zen, hainbat kristauren zaintzari esker. Sendatzerakoan, berriro ere joan zen bere borreroengana egindakoa aurpegiratzera, eta orduan bai, orduan hil eta bere gorpua zatikatu zuten.
Santu guztien martiria nola, Sebastianena hainbat modutan izan da irudikatua Mendebaldeko kulturan. Ordea, denek badute zerbait komunean: martiria geziz josita ageri da, sufrimenduaren eta plazeraren arteko keinu adierazgarri batekin.
Guido Renik 1615ean margotutako San Sebastianek —Genovako Palazzo Rosson dagoen lanak— ezaugarri horiek biltzen ditu. San Sebastian hark gizakiaren hauskortasuna islatu nahi zuen, gorputzaren forma berezietan. Ordea, XIX. eta XX. mendeko hainbat artistengan txundidura berezi bat sortu zuen: Sebastianen sufrimenduan, kasik plazer homoerotikoa topatzerainokoa.
Wilde: izena hartu zuen gizona
Oscar Wilde dugu horren adibide. «Praktika homosexualak» izateagatik Readingeko espetxetik irten ondoren, 1897an, Parisen hasi zen bizitzen, Sebastian Melmoth izenarekin. Izena bi iturritatik hartu zuen: alde batetik, osaba zaharraren eleberri gotikoko pertsonaiatik; bestetik, saieten artean zutik dirauen santu maitatuarengandik. Lagunei honela idatzi zien: «Idatz iezadazu Sebastian Melmoth izenarekin».
XX. mendeko artista
ugarik ikusi zuten ikono homosexual
gisa: Wilde, Lorca eta Mishima,
tarteko
1877an, Genova bisitatu zuenean, Reniren margolanaren aurrean gelditu zen Palazzo Rosson. Geroago, poema batean, John Keats poeta gaztearen heriotza San Sebastianenarekin lotu zuen. Bi irudiak edertasunaren, gaztetasunaren eta heriotza goiztiarraren inguruan elkartzen dira.
Mishima: irudia eta nortasuna
Mende erdi geroago, Yukio Mishima idazle ultraeskuindar nazionalista japoniarrak San Sebastianen irudia erabili zuen Maskara baten aitortza eleberri autobiografikoan (1949). Idazlearen sexu iratzartze homosexuala Reniren margolanari begiratzean hasten da. Gazteak irudia ikusi eta dardara sentitzen du, bere baitan ordura arte ezkutuan zegoen zerbait piztuko balitzaio bezala.
1966an, Mishimak bere burua San Sebastianen irudira hurbildu zuen, Kishin Shinoyamak ateratako argazki sortan: gorputza agerian, lotuta eta geziz zauritua. Horrela, irudia bere nortasun publikoaren parte bihurtu zuen.
Lorca ote zen San Sebastian?
1927an, Salvador Dali margolariak Sant Sebastià testua argitaratu zuen Sitgesko L’Amic de les Arts aldizkarian. Testu estetiko hartan, santuaren irudian lasaitasuna ikusi zuen sufrimenduaren aurrean, eta edertasuna minaren erdian. Federico Garcia Lorcari eskaini zion idazlana.
Lorcaren eta Daliren arteko harremana konplexua izan zen, maitasunaren, desioaren eta ukapenaren artekoa. San Sebastianen irudia haien arteko loturaren erreferentzia ere izan zen. Dalik Lorcari idatzitako gutun batean, halaxe aitortu zion: «Nire San Sebastianen, asko gogoratzen zaitut, eta batzuetan zu zeu zarela iruditzen zait… Eta, akaso, San Sebastian zu zeu bazina?». Lorcak, berriz, Oda a Salvador Dalí poema eskaini zion artistari. Bestalde, San Sebastiani eskainitako hainbat marrazki egin zituen Granadako poetak, harengan sortzen zuen indarraren erakusle.
Sebastiane filma eta saria
Gerraosteko literaturan ere agertu zen santua. Tennessee Williamsek Suddenly, Last Summer antzezlanean (1958) Sebastian izeneko poeta gay baten irudia sortu zuen: pertsonaia ez da zuzenean agertzen, baina haren itzalak obra osoa zeharkatzen du.
1976an, Derek Jarman zinemagileak Sebastiane filma zuzendu zuen, latinezko elkarrizketekin, santuaren istorioa desio homosexualaren ikuspegitik berrinterpretatuz. Antzeko estrategia erabili zuen Pier Paolo Pasolinik, baina Kristoren gorputz gurutziltzatuaren bidez: gaztea, zaurgarria eta denen begiraden aurrean. Gorputza, sufrimendua eta edertasuna ikur erotiko eta politiko bihurtu ziren honela. Hain zuzen, Gehitu kolektiboak, Donostiako Zinemaldian Sebastiane sariak banatzen ditu, queer tematika duen film onenaren sariak.
Zergatik irauten du ikurrak?
Ikur batek ez du mendeetan irauten kasualitatez. San Sebastianen irudiak sufrimendua eta edertasuna, zaurgarritasuna eta erresistentzia, boterearen indarkeria eta duintasuna uztartzen ditu. Historian zehar, disidentzia sexualek, jazarriak eta sarritan klandestinitatera behartuak, identifikazio puntu bat aurkitu zuten zauritutako gorputz hartan.
Kale Nagusitik zoazen hurrena, begiratu ezazu Santa Maria basilikan dagoen santuaren irudikapen horretara. Ez al dizu bestelako oihartzunik egiten?
Agian, kristautasunak jakin du bere santuei –oso nahigabe bada ere– ohore egiten, eta boterearen kontrako sinbolo bilakatzen, garai batean izan ziren bezala.



